DENBORALDI HASIERA: INFORMAZIO BERRIA


Idatzi honen bidez denboraldi berrirako daukagun informazioa berria helarazi nahi dizuegu. 

Informazio hau, informazio orokorra da, taldekide guztiei eragiten diena. Aurreko komunikazioan esan bezala, kategoria edo entrenamendu talde bakoitzaren informazio zehatza, zuzenean multzo horietako taldekideei bidaliko diogu nahasmenak ekiditeko. 

Andoaingo igerilekuari dagokionez, urriaren 5era arte behintzat igerilekuan ez dela erabiltzaile hutsetatik haratagoko jarduerarik martxan jarriko adierazi ziguten. 

Hala ere, hasera batean gure sarrera/irteera orduak mantentzeko eta aldagelen ohiko erabilpena egiteko ere arazorik ez zela egongo esan ziguten. 

Argitaratzen joan diren berrikuntzak ezagututa, momentu honetan egoera nola dagoen galdegingo dugu berriro. Jasotzen duguna helaraziko dizuegu. 

Lasarte-Oriako igerilekuari dagokionez, azken aste honetan ordutegi/talde antolaketa desberdinak proposatu eta aurkeztu ditugu (lau gutxienez), honako baldintzak kontutan hartuta: 

1. Igerilekuan izan dezakegun espazioa 3 kaletan banatu dezakegu. 

2. Arratsaldearen erdian desinfekziorako tarte bat hartu behar da. Tarte horretan igerilekuan eta aldageletan ezin da inor egon. 

3. Igerilekuaren edukiera ahalmena haunditzeko erabiltzaileen sarrera/irteera orduak ekidin behar ditugu eta horrek baldintzatzen du gure ordutegia. 

4. Aldagela bakoitzean aldi berean egon daitekeen persona kopurua 10ekoa da. Hori baino gehiagokoa balitz aldagela erabilpenerako txandak sortu beharko genituzke. 

Aurrera pausoak ematen aritu gara eta momentu honetan kiroldegiak irailaren 28ra arte hausnarketa epe bat hartzea erabaki du, igerilekuaren etorkizuneko antolaketa osoa birplanteatzeko eta arratsalde erdian egiten den desinfekzio tartea ezabatzea baloratzeko eta ohiko ordutegiak mantendu ahal izateko. 

Azken honek klubarentzat onura handia suposatzen du, egindako talde eta antolaketak bere horretan geratuko liratekeelako. Hala ere, gainontzeko erabiltzaileen sarrera/irteerak ekidin beharko direnez litekeena da saioak zertxobait murriztu behar izatea edo bestelako egokitzapen txikiak egin behar izatea. 

Edozein kasutan, bi herrietan urriko hilabetean zehar talde osoa martxan egon daitekeelakoan gaude. 

Bestetik, aldundiarekin izandako bilera nahiko orokorra izan zen eta arazo teknikoak izan ziren. Hori dela eta irailaren 11rako deialdi berria luzatu du aldundiak, gai berdinei buruz hitzegiteko. Bilera horretatik honako informazioa atera genuen: 
  • Momentu honetan hasi daitezkeenak lizentzia federatua duten kirolariak dira. Aldundiak ulertu du irizpide hau ez dela egokia, adin berdinean lizentzia eskolarra edo federatua duten kirolariak daudelako eta aukera berdintasunaren aurka doalako. Horregatik, Eusko Jaurlaritzarekin irizpidea adostu nahi du, baimena emateko arrazoia kategoria, adin edo jaiotze urte bat izan dadin. Adierazi zigutenez, ostiral honetan bertan adostu zitekeen gauza bat da. 
  • Bestetik, urriaren lehen egunetatik aurrera eskola umeei jarduerak burutzen hasteko baimena emateko borondatea adierazi zigun eta eskola kirolean eskaerak egiteko epealdia zein litzatekeen ere bai. 
  • Entrenatzaileek eskola umeekin lan egiteko beharrezkoa izango den “covid” kurtsoaren berri eman ziguten eta jada gure bi entrenatzailek egina dute. 
  • Elkarteok burutu beharko ditugun protokolo eta pausuak azaldu zizkiguten eta jada eurekin lanean ari gara. 
Besterik ez oraingoz, lanean jarraituko dugu berriro ere dena martxan jartzeko! 
Animoak denoi! 

BRNPWR!


ELKARBANATU

Iruzkinak