KZL 4. JARDUNALDIA | 4ª JORNADA LED

TXIKITXOAK BERRIRO ERE TXUKUN LIGAKO LAUGARREN JARDUNALDIAN
  • Helburu gehienak lortuta atera ginen Hernanitik

Pasa den larunbatean, Buruntzaldea IKT-ko gaztetxoek ligako jardunaldi berri bat izan zuten. Ligako 4garren jardunaldi hau Hernanin ospatu zen eta bertan taldeko 47 haur izan ziren.


Ohi bezela, gauza positiboak eta hobetu beharrekoak ikusi genituen jardunaldi hontan eta beraz ondo egindakoari eutsi eta ikasi beharrekoari gogoz ekin beharko diogu.

Jardunaldiaren programari dagokionez, benjaminen artean 25 edo 50 tximeleta frogak izan genituen eta baita 6x25 errelebo mistoa ere. Alebinen kasuan, lehen urtekoek 100 estiloak eta 200 libre edo 400 libre frogan aritu ziren eta azken urtekoak berriz, 200 estiloak, 50 tximeleta edo 400 libren. Alebinek 4x50 estiloak erreleboa izan zuten. 

Benjaminak 25 Tximeleta Frogan

Froga hontan 2005eko 7 haur eta 2004ko beste 5 aritu ziren. Guztientzat erronka handia izan zen lehen urteetan ondo koordinatzea kostatzen den estilo hontan 25 metroak osatzea. Logikoki, ikasteko asko dago oraindik, baina haurrek estiloko arautegi orokorra ondo betetzen eta, estiloa bera eta helmugaratzeak ondo egiten ikusi genituen, beraz gustura txikitxoenek egindako frogarekin.

Benjaminak 50 Tximeleta Frogan

Estilo bereko 50 metroko distantzian 2004ko 9 haur aritu ziren. Haur hauek, zaharragoak izanagatik eta entrenamendu gehiago edukitzeagatik, ez zuten arazorik izan 50 metroak osatzeko garaian. Hauek ere txikienak bezain txukun aritu ziren, estiloa ongi burutuz eta irteera, biraketa zein helmugaratzeko arautegia ondo betez. Estiloari dagokionez, zenbaitetan haur batzuek gerria nahikoa jaso ez eta tentetze bidean jartzen zirela ikusi genuen. Adin hauetan normala den arren, arlo hori hobetzeko lana egin beharko dugu, ostikada egiteko modua hobetuz eta gerria jaso eta gorputza horizontalean mantentzeko ahalmena hobetuz. 
6x25 Errelebo Mistoak

Benjaminen errelebo mistoa bular estiloan izan zen jardunaldi hontan. Guztira, 3 taldek hartu zuten parte eta denek erreleboa gogotsu eta txukun osatu zuten.

Balorazioa egiteko garaian, txikienekin, koordinazio orokorrean lan egiten jarraitu behar dugula ondorioztatu genuen eta zaharragoekin berriz ostikada eta horizontalidadean ere hobetu beharra daukagula. Ideia hauek beti gure haurren ahalmenak hobetze bidean doaz eta adinarekin logikoak eta normalak diren beharrak dira. Irteerak egiteko garaian, saltoaren inguruan ere lan gehiago egin beharra dagoela ikusi genuen eta baita urazpiko hidrodinamikan ere.
Hala ere, oso pozik atera ginen gure txikitxoek egindako jardunaldiarekin eta beraiengan ikusten dugun garapenagatik, beraz, animo eta segi aurrera!!

Alebinen 100 Estiloak eta 200 Estiloak Frogak
100 estiloetan lehen urteko 13 alebin aritu ziren eta 200 estiloetan bigarren edo azken urteko 6. 

Orokorrean, oso txukun aritu zirela esan behar dugu. Gehienek lau estiloak eta estiloetako biraketak ondo egin zituzten eta 200 estiloetan aritu zirenek froga egiteko aldagai taktikoak ongi maneiatu zituzten. Bizkar estilotik bular estilorako biraketan akatsen bat edo beste ikusi genuen baina orokorrean oso pozik gaude igerilari txikiek egindako frogarekin, bereziki euren garapenean oso garrantzitsuak diren bi froga hauetan.

Alebinen 50 tximeleta froga

Froga hontan taldeko 3 igerilari aritu ziren. 200 estiloetan aritu baino lehen 50 tximeleta froga egiteko gaitasuna zutela ikusi nahi genuen eta egia esan, ez zuten inongo arazorik izan. Hirurak oso txukun aritu ziren eta horietatik bi hasi berriak direla kontuan izanda, hirurei zorionak ematea besterik ez da geratzen! Aupa zuek!

Alebinen 200 Libre eta 400 Libre froga

Bi froga hauek alebinen ahalmen taktikoak eta garapen aerobikoa baloratzeko froga garrantzitsuak dira. Alebinen artean, denek 400 libre froga egiteko aukera bazuten ere, aurreko jardunaldi batean egindako 200 libre froga oinarritzat hartu eta horren arabera batzuek froga bat egin zuten eta beste batzuek bestea.

200 libren 7 igerilari aritu ziren. Helburu nagusiak froga taktikoki ondo maneiatzea eta aurreko jardunaldi batean froga egiten behar izan zuten denbora gutxitxea zen. Guztiek euren marka hobetu zuten, eta beraz euren garapen aerobikoa hobetuz doala ikusi genuen. Gainera, frogaren distantzia eta iraupenaren arabera esfortzua ondo banatzen jakin zuten eta beraz oso pozik eta gustura.

400 libren 12 igerilari aritu ziren. Froga hau luzexeagoa da eta iraupen ertaineko distantzietan zailtasunak areagotzen dira. Taktikoki, zenbait igerilari behar baino 50 metro lehenago geratzen ikusi genituen eta baita froga azkarregi hasten ere. Bestalde, ur azpikoei eta biraketara sartu eta bertatik ateratzeko moduari dagokionez ere hobetu beharra ikusi genuen. Arlo honetan, aipatzekoa da Xabier Alonsok egindako froga, biraketa guztietan ur azpiko luzeak eta posizioz oso onak egin baitzituen. Akats taktiko hauek arruntzak eta normalak diren arren arlo horietan lan gehiago egin beharko dugu. 

Gainontzean, guztiak benetan gogotsu eta indartsu aritu ziren eta guztiek entrenatzaileok geure helburu bezela ezarritako gehienezko 7 minutuko mugatik behera ibili ziren, batzuek 6 minututik ere jeistea lortuz eta benetan marka onak eginez. Adin hauetan oso garrantzitsua den garapen aerobikoan bide onetik goazela ondorioztatu genuen.

4x50 Estiloak Erreleboak

Saioa amaitzeko alebinek errelebo frogak izan zituzten. Nesketan 3 talde aurkeztu genituen eta hirurak lehen 4 postuetan sailkatu ziren horietako bat jardunaldiko azkarrena izanik. Mutiletan berriz, bi talde izan genituen eta bata lehen postuan eta bestea hirugarren izan zen. 

Ligako jardunaldia amaituta, asteburu hontan berriro ere lehiaketa izango dute gure txikiek. Larunbat eta igandean Tolosan ospatuko den Paco Sanchez Sarian izango dira ahalik eta onena ematen. 

AUPA EKIPO!!

Iruzkinak