NEGUKO LIGAKO 2. JARDUNALDIA | 2ª JORNADA DE LA LIGA DE INVIERNO

37 MARKA PERTSONAL, TALDEKO 7 ERREKOR BERRI eta GIPUZKOAKO TXAPELKETARAKO 3 SAILKAPEN GEHIAGO Lasarten ospatutako Neguko Ligako 2. jardunaldian

Pasa den larunbatean Lasarteko igerilekuan infantil, junior eta absolutuak Neguko Ligako 2. jardunaldian aritu ziren. Lehen jardunaldian bezelaxe emaitza txukunak lortu zituzten, hilabete hontan izango duten lehiaketa kopuruak hobekuntzarako tarte handirik uzten ez duen arren. 


Lehiaketan aritu ziren 24 igerilarien artean 37 marka pertsonal lortu zituzten eta Gipuzkoako Txapelketarako sailkapena beste 3 infantilek lortu zuten.

Absolutuak

Absolutuetan, logikoa den bezela, horren epe laburrean hobekuntzak lortzea zaila da, batez ere norberaren frogetan. Hala ere, lehian aritu ziren 5 absolutuak zenbait froga oso txukun egiten ikusi genituen. Alde batetik, Haitz Mitxelenak 50 libreko marka pertsonala egin zuen 27''09 eginez. eta 50 tximeletan eta 100 estiloetan bere marka onenetan aritu zen. Bestetik, Garazi Alkortak 200 libreko marka pertsonala 2'28''39an utzi zuen aurrekoa 4 segundu baino gehiagotan hobetuz.

Gainontzeko absolutuek marka pertsonalak egiterik lortu ez bazuten ere, Mikel Esnal, Txomin Mujika, eta Itsaso Tolosa euren marka onenetan aritu ziren eta denboraldi hontako haseran iazko denboraldian baino hobeto ari direla ikusi ahal izan genuen.

Juniorak

Juniorretan 5 taldekide aritu ziren. Kategoria hontan Naiara Lizasok 100 estiloetan 1'17''48ko marka pertsonala lortu zuen, Janire Berasarte-k 37''60koa 50 tximeletan eta Enara Arruti-k 33''27a 50 libren eta 1'22''94a 100 estiloetan. 
Mutiletan, Mikel Soto-k 100 bular frogan 1'16''47ko marka pertsonala lortu zuen eta 100 estiloetan 1'11''51koa. Marka pertsonalik lortu ez bazuen ere, Iñigo Ibarburu bere marketan aritu zen parte hartu zuen 50 metroko bi frogetan (estilo librean eta tximeletan) baina benetan ikusgarria izan zena bere 200 libre froga izan zen. Froga hontan Iñigok 1'58''63 egin zuen frogaren sekulako kontrola erakutsiz.

Infantilak

Hauek gaztetxoagoak direnez eta entrenamendu maila baxuagoa dutenez hobekuntza nabarmenagoak lortu zituzten eta baita marka pertsonal gehiago ere.

Infantilen artean, aipatzekoak dira, alde batetik, Leire Carcedo-k, Amaia Izagirre-k eta Jon Soto-k 400 estiloetan lortutako emaitzak. Hirurek, orain bi aste 200 estiloetan lortzerik izan ez zuten Gipuzkoako Txapelketarako txartela eskuratu zuten froga hontan, hobekuntza nabariak lortuz.

400 estiloak froga bera infantil gehienek burutu zuten nahiz eta aurretik gutxienekoa izan. Denek euren gutxienekoa berretsi zuten eta lau estiloetan eta ahalmen aerobikoan lortutako hobekuntzak agerian utzi zituzten.

Bestetik, esperientzia gutxiago duten 4 infantil, pixkanaka lehiaketa giroan sartzen eta euren estreinaldiak egiten ere ikusi genituen. Eurentzat egoera bera jada nahiko eraginkorra denez, froga erosoagoetan aritu ziren, eta esperientzian eta entrenamendu mailan aurrera joan bitartean lehiaketetan ere gauzak ikastea da orain garrantzitsuena. Zentzu horretan bikain aritu ziren Maddi Arzadun. Maria Garasa, Ane Otaegi, Ibane Otegi eta Dani Herranz.

Larunbat hontan zita berri bat izango du infantil, junior eta absolutuen taldeak, kasu hontan Ordizian, Neguko Ligako 3. jardunaldian.

Animo Ekipo!!

P.D.: Gure eskerrik beroenak txapelketa aurrera eramateko laguntzen aritu ziren guraso bolondresei. Zuen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke!



Iruzkinak