KRONIKA: CTO ESPAÑA ABSOLUTO DE INVIERNO

LEIRE ETA AINHOA MARTIN AHIZPAK OSO TXUKUN
  • Biek zenbait marka hobetzea lortu dute, tartean Eukadiko Errekor berri bat
Denboraldia hasi berritan bagaude ere, Leire eta Ainhoa Martin ahizpak oso maila onean lehiatu dira Bartzelonan ospatutako Absolutu Mailako Neguko Espainiako Txapelketan.

Oraindik ere forma bete betean ez dauden arren eta euren txapelketa nagusia ez den arren, orain arteko lanaren nondik norakoa aztertzeko eta hobetu beharreko zenbait arlo ikusteko baliogarri izan zaigu txapelketa hau. Orokorrean, egindakoa positiboki baloratu dugu eta bi igerilariak ere gustura itzuli dira, bai egindakoagatik eta baita igerilekuan bertan olinpiar eta mundu mailako igerilariekin lehia partekatzeagatik ere.


Ainhoa Martinek bi probatan hartu du parte. Lehena, ostiral goizean, 200 bular proba. Proba honetan bikain aritu zen Ainhoa, kronoa 2:37,51n geratuz eta taldeko absolutu mailako errekor berria ezartzeaz gain, marka pertsonala eginez. Larunbatean aldiz, 100 bular proban, ez zen horren fin aritu. Apur bat urduri eta koordinaketa galduta aritu zen eta ezin izan zuen bere marka ondu. 

Leirek ere antzeko emaitzak izan zituen. Batetik, ostegun goizean bi probatan aritu zen, 400 estiloetan lehendabizi eta 200 bular proban ondoren. Lehen proban bikain. Bere marka pertsonal berria, taldeko absolutu mailako errekorra eta Euskadiko 14 urteko errekor berria 5:01,09an utzi zituen. Handik ordu betera edo egindako bigarren proban aldiz, apur bat galduta aurkitu zen eta kronoa bere markatik gora geratu zuen.

Larunbatean, 100 bizkar proban, 1:05,26 egin zuen, bere onenetik oso gertu, eta igandeko 200 bizkar proban aldiz 2:20,65 txukun bat egitea lortu zuen.

Gauzak horrela, marka bana onduta itzuli dira bi neskak Bartzelonatik. Datorren astean etxean izango dira lehian, Lasarten jokatuko den Neguko Ligako hirugarren jardunaldian.





ELKARBANATU | COMPARTELO

Iruzkinak