Itsas-zeharkaldien hasiera bikaina, Getaria-Zarautz proban

Master taldeko igerilariak hasi dira itsas-zeharkaldien denboraldiarekin, aurreko igandeko egunean Getaria-Zarautz zeharkaldian izandako festa izugarriarekin!

Pasa den igandean, uztailaren 19an, Getaria-Zarautz zeharkaldi ospetsuaren 54. edizioa ospatu zen eta bertan, gure taldeko sei igerilari izan ziren, beste 4 taldekide-ohirekin batera, talde-giroan egun paregabea pasaz: Igor Amantegi, Manu Santos, Iñigo Ibarburu, Borja Apeztegia, Itsaso Tolosa, Jon Ander Korta, June López, Miren Sarobe, Garazi Etxeberria eta Mario Amantegi. Aurten Borja, Jon Ander eta Garaziren estreinaldia izan da proba honetan eta gainontzekoen babesa baliatu dute esperientzia berri honetarako. Taldekideetan azkarrena Iñigo Ibarburu izan zen 43:52 denborarekin, denbora luzez parte hartu gabe egon ondoren igeri egitera animatu delarik. Honakoak izan ziren gainontzekoen denborak:
  • Igor Amantegi 46:43
  • Jon Ander Korta 51:23
  • Borja Apeztegia eta Itsaso Tolosa 55:51
  • Manu Santos 57:53
Aurreko eguneko proban karabela portugaldarren ziztaden kasu ugari izan ziren, beraz, parte-hartzaileek tentsio pixka bat pasa zuten, baina igandean bertan antolakuntzak lasaitasun osoa erakutsi zuen, uretan ez zirela ikusten abisatuz; azkenean ez zen arazorik izan eta den-denek oso gustura amaitu zuten, esan bezala, goiz polit bat elkarbanatuz.

Hemendik aurrera ere, aipaturiko animaliek arnas hartzen uzten badute, beste hainbat zeharkalditan ikusiko ditugu gureak; beraz, animo asko denoi! Aupa zuek, zorionak eta segi ezazue horrelako esperientziez gozatzen!

BRNPWR!


Iruzkinak