KRONIKA: GIPUZKOAKO TXAPELKETA ESKOLARRA, IGERILARI OSOA

BENJAMINAK BIKAIN EUREN ESKOLARTEKO GIPUZKOAKO TXAPELKETAN

Urtero bezala, Gipuzkoako Txapelketa Eskolarra "Igerilari Osoa" izan genuen pasa den igandean, aurtengoan, Legazpiko Bikuña Udal Kiroldegian.

Benjamin kategoriako lehiaketa honetan 2008ko neska-mutilak eta 2007ko mutilak aritu ziren lehian eta gure taldetik 8 igerilari izan ziren parte hartzen, gutxienekoa 9 igerilarik bazuten ere. Legazpian izan ziren: Paul Etxezarreta, Amets Albizu, Hodei Barcina, Jurgi Sukuza, Aitor Santos, Nahia Ipinza, June Rey eta Amaiur Muxika.



Urtero bezala, txapelketaren formatua "Igerilari Osoa"rena izan zen, hau da, igeriketak dituen 4 estiloetan parte hartu behar izan zuten igerilari guziek: 50 metro tximeleta estiloan, 100 metro bizkar estiloan, 100 metro bular estiloan eta 100 metro estilo librean. Sailkapena, lau probatan lortutako emaitzaren baturaren arabera egiten da. Banakako probez gain, 4x50m estilo librean eta 4x50m lau estiloetan errelebuak ere izan zituzten mutilek.

Txapelketa goiz eta arratsaldez jokatu zen. Tximeleta eta bizkar estiloetako probak eta estilo libreko errelebuak goizean izan ziren eta bular eta estilo libreko probak eta estiloetako errelebuak aldiz, arratsaldean. Tartean, gure haurrek elkarrekin bazkaldu eta denbora tarte eder bat elkarrekin egoteko aukera izan zuten lehen aldiz, eta, giro ezinhobean egon ziren!

Lehiaketari dagokionez, gure igerilariek ederki hasi zuten txapelketa, marka pertsonalak hobetuz eta beste taldeetako igerileriekin batera lehia bikainak eskeiniz. Gipuzkoako txapelketa izanik, haurrak benetan gogotsu aritu ziren, benjamin kategorian gipuzkoako talde guztiek batera lehiatzen zuten lehen aldi hontan maila polita eskeiniz eta zeukaten guztia emanez.

Emaitzei dagokionez, aurtengoan ez zen gure taldekiderik egon podioan (gauza benetan zaila dena) baina oso gustura atera ginen gure haurrek lau estiloetan egindako probekin eta baita lehiaketa osoan zehar izan zuten jarrerarekin ere. Modu honetan egun neketsu eta gogor bezain zirraragarria igaro ahal izan zuten denek.

Adin tarte hontako haurrek ekainaren 15ean izango dute euren azken lehiaketa denboraldi honetan. Lehiaketa hori gure klubaren eguneko "Lasarteko XXX. Saria" izango da eta ahalik eta onenak ematen izango ditugu etxekoen aurrean. Aupa Zuek!! Burunpower!!


Burunpower! - BRNPWR!
 ELKARBANATU | COMPARTELO

Iruzkinak