Lehiaketara itzuleraren eguna alebinentzat!


Pasa den larunbatean, gure taldeko alebinek euren lehen lehiaketa jardunaldia izan zuten urte eta erdi lehiatu gabe egon ostean. Alebin Ligako 1. jardunaldia Lasarte-Oriako Maialen Chourraut igerilekuan izan zen eta gureak benetan gogotsu aritu ziren.

Gure taldetik 8 mutil eta 7 neska aritu ziren lehian; 2008ko bi mutil, 2009ko 6 mutil eta 2010eko 7 neska. Proba egitarauari dagokionez, oinarrizko probak 200 librea eta 100 bular probak izan ziren adin guztientzat eta, hasi berrien kasuan, 50 librea ere izan zen. Emakumezkoen kasuan, saioa amaitzeko 4x100 errelebua ere izan zuten.

Jardunaldi berezia izan zen, batez ere horrenbeste denbora lehiatu gabe egon ostean, berriro ere egoera honetan gure haurrek nola jokatuko zuten ez genekielako. Hala ere, gure zalantza guztiak lehen metroetan uxatu zituzten gure igerilariek, lehen metroetatik guztiek gogotsu ekin baitzioten eta 200 librea bezalako proba zail baten aurrean, inolako beldurrik gabe eta ausardiaz egin baitzuten igeri. 

Orokorrean maila ederra eman zuten gureek eta burututako probatan lehen postuetan izan ziren denak (Emaitzak hemen ikusi ditzakezue). Hemendik aurrera, ildo beretik jarraitu, teknikoki hobekuntzak egin eta hartutako martxari eustea da egin beharrekoa eta ziur gaude gure gaztetxoak bide horri heltzeko prest egongo direla.

Aupa zuek!! Burunpower!

📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko


Iruzkinak