Udako oporretaz gozatzeaz gain, azken hilabete hauetan igerialdi ezberdinetan
aritu dira gure taldekideak. Hona hemen gure Facebook kontuan uztailean zehar
emten genizuen berria:
Uztaila hasieran egindako zeharkaldien ondoren, uztailaren 24an hain ezaguna
eta jendetsua izaten den Getaria-Zarautz Itsas-zeharkaldiaren 50. edizioa ospatu zen eta bertan gure taldeko 4 igerilari izan ziren
parte hartzen: Igor Amantegi, Manu Santos, Asier Gorostegi eta Itsaso Tolosa.
Igor eta Manuk aurreko edizio bat baino gehiagotan parte hartu izan dute eta
beste bat gehiago gehitu dute haien bildumara; Asier eta Itsasorentzat
esperientzia berria izan da eta oso pozik daude denak egindako probarekin.
Igerialdiaren 2850m-ak egiteko Itsasok 48 minutu eta 20 segundu behar izan
zituen, Igorrek 50 minutu eta 9 segundu, Asierrek 52 minutu eta 3 segundu eta
Manuk ordu 1, 4 minutu eta 50 segundu. Zorionak lauroi!
Abuztuaren 14an berriz, taldeko gaztetxo baten estreinaldia izan genuen. Mario
Amantegik Vieux-Boucau-les-Bains herriko
Port d'Albret lakuako zeharkaldia (Frantzian) 600m-ko igerialdia
egin zuen eta hasiera batean bere burua egoera berri baten aurrean ikusi
bazuen ere, beldurrak alde batera utzi eta oso gustura geratu zen
egindakoarekin, .
Hurrengo egunean, berriro ere Donostian,
Paseo Berriko Igerialdia ospatu zen. Itsaso oso zakarra zegoen,
olatu handiekin baina Igor Amantegi eta Itsaso Tolosa bertan izan ziren parte
hartzen. Zurriola hondartzan hasi eta Paseo Berrian zehar Kotxako hondartzara
arteko 2959 metroko distantzia osatzeko Itsasok 49 minutu behar izan zituen
emakumezkoen artean 5. postua lortuz eta Igorrek berriz, 52 minutu eta 45
segundu.
Abuztua bukatzeko, 28an Igor eta Itsaso berriro ere elkarrekin,
Irlako Igeriketa Zeharkaldian izan ziren, Santa Klara uharteari 3000 metroko ibilbidearekin bira emanez.
Itsasok 44:41 denborarekin, bere kategoriako 3. postua eskuratu zuen garaikur
bat etxeratuz eta Igorrek berriz, 50:45eko marka egin zuen, 76. postu txukuna
eskuratuz.
Azkenik, pasa den larunbatean, irailaren 10ean, aurten gure taldeko partaide
gehien egon diren zeharkaldia izan zen; Kontxa Badiako Igerialdia. Master taldetik Igor Amantegi, Manu Santos eta Asier Gorostegi hartu zuten
parte eta infantilen zeharkaldian berriz, Iñaki Garcia eta Mario Amantegik.
Azken hauek 740 metroko ibilbidea burutu behar izan zuten Nautiko ingurutik
hasita; horretarako Mariok 7 minutu eta 23 segundu behar izan zituen, 17.
postua eskuratuz eta Iñakik berriz 8 minutu, 39. iritsiz. Absolutuek 2220
metro osatu zituzten badia osoan zehar igerian eta Igor izan zen taldeko
azkarrena, 35:05 denborarekin; ondoren Asier iritsi zen distantzia hori 38
minutu eta 54 segunduan amaituz eta jarraian Manu, 42:16 eginda.
Asteburu honetan, irailaren 17an, denboraldiko azken zeharkaldia ospatuko da:
VIII. Flysch Beltza igeri zeharkaldia eta bertan izango ditugu
taldeko hainbat kide. Animo denei, segi igeriketaz disfrutatzen!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina