Pasa den asteburuan ekin zioten txapelketen denboraldiari gure taldeko infantil, junior eta absolutuek; Tolosan izan ziren Neguko Ligako lehen jardunaldian parte hartzen. Denera 12 taldekidek hartu zuten parte larunbat arratsaldeko saio horretan: Nora Miguelez, Amaiur Iparragirre, Ane Meyer, Mayi Gorostegui, Irati Etxeberria, Miren Sarobe, Izaro Audikana, Saioa Elola, June Lopez, Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui eta Nahia Zudaire. Denboraldiko lehen txapelketa zela kontuan hartuta, lortutako markak bigarren plano batean utzi genituen, teknika eta taktikan arreta gehiago jarriz; hala ere, denen artean 16 marka pertsonal egitea lortu zuten. Honez gain, orain arteko prestakuntza nola doan ikusteko ere oso baliagarria egin zitzaien denei.
Esan bezala, pasa den larunbatekoa denboraldi honetako lehen jardunaldia izan zen, 5 asteko entrenamenduarekin; hau horrela, batez ere helduenentzat, ez da erraza aurreko denboraldiko erritmoetan igeri egitea eta batzuen kasuan, horixe ikusi genuen. Hala ere, asteak aurrera joan ahala norbere gaitasunak hobetzen joango direla uste dugu eta hala, denek kondizio hobeetan lehiatzea lortuko dute.
Honakoak izan ziren lortutako marka pertsonalak:
- Nora Miguelezek 50 bular probakoa (50.88), lau estiloetako 200 metrokoa (3:23.13) eta proba horretako 50 tximeleta pasekoa (46.43).
- Amaiur Iparragirrek 50 bular probakoa (52.15) eta 200 lau estiloetakoa (3:24.99).
- Ane Meyerrek 50 bular probakoa (56.46).
- Mayi Gorosteguik 200 bizkar probakoa (3:06.19), 200 tximeleta probakoa (3:37.75) eta azken horretan baita 50 eta 100 tximeletako paseetakoak ere (44.84 eta 1:41.34 hurrenez hurren).
- Irati Etxeberriak 200 bizkar probakoa (3:20.40).
- Garazi Etxeberriak 1500 libre probakoa (19:58.14).
- Iker Gorosteguik 50 bizkar probakoa (34.28), 1500L probakoa (18:40.56) eta bigarren horretako 400 eta 800 libreko paseetakoak (4:58.11 eta 10:00.77 hurrenez hurren).
Esan beharra dago, Nahia Zudaire taldekidea ere Neguko Ligan parte hartzen izan genuela aspaldiko partez eta bai bera eta baita gainontzekoak ere, pozik izan ginela denak elkarrekin egoteagatik. Donostian entrenatzen duenez, ez dugu aukera handirik izaten berarekin egoteko baina momentu ederra izan zen denak elkartzeko. Besteak bezala, bera ere martxa hartzen ari dela ikusi genuen eta 50 bular eta estilo libreko 100 metrokoan parte hartzeaz gain, June Lopez, Saioa Elola eta Garazi Etxeberriarekin batera 4x200 libre erreleboan ere parte hartu zuen, lehen postan. Aupa Nahia!
Hemendik bi astera, azaroaren 5ean, gureek etxean izango dute bigarren jardunaldia, Lasarte-Oriako Maialen Chourraut kiroldegian; bitartean lanean jarraituko dugu, pixkanaka helburuetara gerturatzeko asmoz.
Animo Ekipo! Burunpower!!
📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina