Igerilari txikiak primeran euren lehen jardunaldian!


Pasa den larunbatean, Buruntzaldea IKT-ko gaztetxoek jardunaldiei hasiera eman zieten ligako lehenengo saioarekin. 2014an, 2013an eta 2012an jaiotako haurrentzat eta eta 2011ko mutilentzat euren lehen jardunaldia izan zen. Jardunaldi honetan, Lasarten eta Andoainen entrenatzen duten haurrek elkarrekin egoteko denboraldiko lehen aukera izan zuten eta alde horretatik txapelketa berezia izan zen baita ere. Txapelketa Ordizian izan zen eta guztira adin tarte honetako Buruntzaldea IKT-ko 11 haur izan ziren parte-hartzen. Guztiak oso txukun aritu ziren eta pozik eta gustura atera ziren.

2014an eta 2013an jaiotako haurrek 50 estilo librean eta 6x25 bizkar estiloko errelebu mistoa izan zituzten, beraientzat lehenengoa zen txapelketa honetan. Guztira adin tarte honetako 3 haur aritu ziren Ordizian. Lehen txapelketa izanik, guztiak urduri zeuden arren, oso txukun aritu ziren hirurak, bi estiloetan ederki moldatuz. Irai Jauregi, Kerman Miguel eta Urko Azpiazu izan ziren adin tarte honetan jardun zuten taldekideak. Hiru mutil hauekin 6x25 bizkar estiloko errelebu mistoa osatzeko gai ez ginela eta, Igartza taldeko 3 neskekin batera jardun ahal izan zuten proba honetan. Aupa zuek!

Txikienen ondoren B kategoriako benjaminak aritu ziren. Igerilari hauek 50 bizkar proban eta 100 edo 200 metro librean aritu ziren. Guztira, 2012ko neska-mutilak eta 2011ko mutilak barneratzen dituen multzo honetan, gure taldeko 8 haur aritu ziren. Bizkar estiloko 50ekoan eta 100 librean Iker García, June Apeztegia, Juren Matailo eta Aizpea Barcina aritu ziren eta 50 bizkar eta estilo libreko 200 metrokoan aldiz Liher Albizu, Oier Jauregi, Ander Martinez eta Aitor Ormazabal. Adin hauetako haurrek igeri egiteko modu sendoagoa dute eta segituan nabaritu zen barnean zuten gogoa. Gureak benetan ondo aritu ziren eta proba guztietan ondo igeri egiten ikusi genituen. Adin tarte honetan 3 errelebu izan genituen, hirurak bizkar estiloko 4x50ekoak. Mutilen kasuan, errelebu bat gure lau taldekidek osatu zuten (Oier, Liher, Ander eta Aitor) eta bigarren bat Hernani taldeko bi mutilekin batera osatu zuten Ikerrek eta Jurenek. Nesken kasuan ere, beste talde batekin osatu zuten laukotea Junek eta Aizpeak, kasu honetan Ordizia taldeko bi neskekin batera. Bikain!

Adin hauetan, estiloak menperatzeari eta arautegia barneratzeari ematen diogu garrantzia gehien eta denek lan bikaina egin zutela esan behar dugu. Aurreko asteetan egindako lana bikain azaleratzen jakin izan zuten, benetan txukun eta lasai igeri eginez, arautegien eta jardunaldiaren funtzionamenduari buruzko pausoak ederki maneiatuz eta proba benetan txukunak eginez.

Segi horrela!! Aupa zuek!! BRNPWR!!


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko



Iruzkinak