Esperientzia ederra bizi izan zuten larunbatean gure taldekideek, Hernani eta Hazparneko igerilariekin batera
Pasa den larunbatean taldeko 18 kidek Hazparneko Igerikatzea eta Hernani K.E. igeriketa taldeekin antolatutako topaketan hartu zuten parte, guretzat hain garrantzitsua den euskara alde batetik, eta igeriketa bestetik ardatz hartuta. Hiru taldeen artean 60 haur eta gazte inguru elkartu ginen eta goiz paregabea igaro genuen denon artean saio bateratu eta dibertigarri batean.
9:15ak aldera Hernaniko Udal kiroldegian elkartu eta igerilekura sartu ginen zuzenean; hasieran, adinen araberako hiru multzotan banatu genituen igerilariak eta igerileku inguruan ezagutza-jolas ezberdinen bitartez hasierako lotsak galtzen joan ziren, haien arteko lehen harremanak sortuz. Ondoren, gorputza berotzen eta martxan jartzen hasteko beroketa jarduera batzuk burutu zituzten talde-lanean eta lehorreko atalarekin bukatzeko, binaka jarrita Acrosport diziplinako irudiak egiteko proposatu genien, harreman berrien lanketarekin jarraitzeko.
10:15 inguruan, uretara sartzeko unea heldu zen eta hemen ere adin eta maila ezberdinak kontuan hartuta, beroketa sinple bat eta estilo ezberdinak erabiliz osatutako atal bat burutu zituzten. Saioa bukatzeko, denak elkarrekin nahastuta 4 talde osatu genituen eta errelebu-proba bat egin genuen. Taldekideen artean elkar animatzen eta gustura ikusi genituen denak, harreman berriak sortuta ere, berehala konfiantza hartu eta guztiok amankonunean dugun kirolaren bitartez une ederrez gozatuz. Hala, 11:30 aldera amaitu genuen saioa eta igerilariak talde ezberdinen arteko txano aldaketak egiten eta haien artean nolabaiteko harremana sortu izana ikustea pozgarria izan zen guretzat.
Igerikatzea taldearekin izan dugun lehen esperientzia aberatsa ikusirik, hemendik aurrera eurekin harremanetan mantentzen saiatuko gara eta eskuragarritasun edo baliabide ezberdinen baitan, sortu daitezkeen bestelako ekintzak antolatzeko aukerak erabiltzen ahaleginduko gara.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Hernani K.E.-ri eta Hernaniko Udalari honelako ekintza bat aurrera eramateko espazioa uzteagatik eta halako topaketen alde egiteagatik.
Aupa zuek, aupa igeriketa eta gora euskara!
Ikusi argazki albuma hemen
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina