Infantil eta juniorren taldea gustora ibili da Pirinioetan

Pasa den astean, apirilaren 3tik 6ra bitartean, gure taldeko infantil eta juniorrak Panticosa inguruan izan ditugu egonaldi eder batean, guztira 16 igerilari elkartu zirelarik. Aurreko urtean Madrilen izan ziren hauetako asko; baina aurten, berriro ere Klubaren historian askotan errepikatu izan dugun Panticosako irteera egitea erabaki zen eta denak oso gustora egon izana espero dugu.
Irteera honen helburu nagusiak taldekideen arteko harremanak sendotzea eta denboraldiko udako zatiko entrenamenduei hasiera ematea izan dira eta bete-betean asmatu dugula uste dugu; izan ere, neska-mutilak gustura ikusi ditugu haien artean gehiago ezagutuz, lotsak alde batera utziz eta harremanak une paregabeak elkarbanatuz eta oporraldiaren ondoren entrenamenduei ekitea gogorra izan den arren, denon artean elkarbizitzan egitea eramangarriagoa izan denaren ustea dugu.

Lasartetik asteazkeneko 9:30etan irten ginen eta Andoaindik bertako taldekideak jasota, Pueyo de Jaca-ra abiatu ginen. 12:30ak aldera iritsi ginenean, urdin-guneak, eguzki izpiak eta tenperatura fresko baina atsegina topatu genuen eta bazkalordura arte geletan ezari eta denbora-libre pixka bat izan zuten gazteek. 14:00 aldera bazkaldu eta atseden txiki baten ostean, 16:00aldera Panticosara igo eta lehen entrenamendua burutu genuen. Igerilari gehienentzat leku berria zen eta igerilekurako bidea aldapatsua bazen ere, esperientzia ederra izan zen Pirinioetako mendi elurtuak ikusiz igeri egitea. Amaitutakoan, Panticosa herriko denda batean erosketa txiki bat egin, aterpetxera bueltatu eta afalostean Mihiluze mahai-jokoaren bitartez algara ugari botaz eman zioten bukaera egunari.

Hurrengo egunean, goizeko entrenamendu saioaren ondoren, apirilaren amaieran izango dugun Gipuzkoako Kluben Kopan igerilari bakoitzak egingo dituen proben antolakuntza egiten jardun zuten; txapelketa honetan igerilari bakoiztak egindako probek taldeari puntuazio bat ematen diotela kontuan izanik, interes pertsonalak alde batera utzi eta taldearen onerako jardutea da garrantzitsuena eta horregatik, entrenatzailea eta igerilariak, denak batera aritu ziren hau antolatzen. Jarraian bazkaldu eta berriro ere atseden pixka bat hartu ondoren, eguneko bigarren entrenamendu saioa egin zuten eta jarraina, Panticosa herrian, ibai ondoko zelai txiki batean “nor da nor” jokoan aritu ziren gazteak. Afaldu ondoren, oraingoan Party&Co jokoan jardun zuten berriro ere denek batera une paregabeak igaroz.

Ostiral goizean ere uretako entrenamendu saioa izan zuten igerilariek eta arratsaldean berriz, mendi-buelta bat egin zuten; Hoz de Jaca herrian dagoen tirolina luzea ikustera gerturatu ginen eta ondoren, Búbal urtegiko presara gerturatu nahi bagenuen ere, azkenean mendi-bide batetik aterpetxera itzuli ginen, guztira 14km inguruko ibilbidea osatuz. Afaldu ondoren, asmoa kanpoan harrapaketa joko batean aritzea zen arren, hotza eta gazteen nekearen ondorioz, karta-jokoan geratzea ideia hobea zela ikusi genuen eta horretan jardun zuten denek elkarrekin berriro ere.

Larunbat goizean, aurreko egunetako nekea nabaria zen eta beste egunetan baina gehiago kosta zitzaien gaztetxoei ohetik jaikitzea, baina esnatu eta gosarian indarrak hartuta, azken entrenamendu saioa egin zuten gure gazteek: lehendabizi lehorrean hainbat joko eta ariketa egin zituzten kiroldegiko pistan eta ondoren, uretako entrenamendu saioa. Aurten errekuperazio moduan bainu turkiar eta jacuzzi-a erabiltzeko aukera izan zuten saio batzuetan eta honekin eman zioten amaiera irteera honetako saioei. 

Aterpetxera itzuli, bazkaldu, maletak egin eta etxera buelta egin zuten denek 16:00ak aldera. 3 ordu inguruko bidaiaren ondoren, nekatuta baina pozik itzuli ziren gure igerilariak haien etxeetara, udako zatiari indarberrituta hasiera eman eta denboraldia ahalik eta ondoen amaitzeko gogoz!

Denontzat esperientzia on eta polita izan dela eta denek asko gozatu izana espero dugu!



Iruzkinak