Ohikoa den bezala, uda garaian Buruntzaldea IKT-ko igerilariak itsas-zeharkaldietan parte hartzen jardun dute
Lehen zita jada aski ezaguna den Getaria-Zarautz zeharkaldia izan zen, uztailaren 27an. Bertan 5 taldekidek parte hartu zuten eta hain polita izaten den egunean, goiz ederra igaro zuten denek. Miren Sarobe eta Miren Bardajik elkarrekin egin zuten igeri, helmugara 41 minutu eta 55 segundutan iritsiz, hurrena Igor Amantegi izan zen, 42:29 denborarekin eta azkenik, June López eta Itsaso Tolosa helmugaratu ziren, 43:40 denbora eginez.
Aurtengo udan ere, azken urteetan bezala, Karabela portuges-ak izan dira euskal kostaldean eta honek entrenamendu eta zeharkaldietako parte-hartze batzuk baldintzatu dituen arren, abuztuaren 15ean Igor Amantegi eta Manu Santos Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren parte den Paseo berriko 55. igerialdian izan genituen. Bero izugarria izan zen egun horretan eta gure bi igerilariek gustura bukatu zuten haien igerialdia: Igorrek 47 minutu eta 53 segundu behar izan zituen 2.959 metroak osatzeko eta Manuk berriz 55:01 denbora egin zuen.
Hilaren 31an, berriro ere Igor Amantegi izan genuen martxan, Donostiako Irlako 26. igeriketa zeharkaldian. Itsaso zakarra eta olatu handiak izatearen ondorioz, antolakuntza ibilbidea aldatu eta igerialdia Kontxako Badia barnean egitera behartuta aurkitu zen. Hala, Igor Amantegik kronoa 57:18an geratu zuen, ibilbide aldaketak ez ziola geldiarazi erakutsiz.
Azkenik, asteburu honetan bertan, irailaren 13an, Miren Sarobe, Mario Amantegi, Kimetz de la Cruz, Borja Apeztegia eta Igor Amantegi 81. Kontxa Badiako Igerialdian izan dira; uda amaierako igerialdi ospetsua izaten da hau eta hasiera batean eguraldi eskasa aurreikusten bazen ere, azkenean itsaso piska bat mugitua izan bazen ere, zita polita izan zuten denek. Gainera, urtero zeharkaldietan parte-hartzera pertsona berriak animatzen direla ikusten ari gara eta aurtengoan Borja Apeztegiaren estreinaldia izan da. Udan zehar Master taldeko kideekin itsasoan entrenatzen konfiantza hartu ondoren, esperientzia berri honekin oso gustura aritu da. Denetan azkarrenak Mario eta Kimetz izan ziren, 33:17 denborarekin eta ondoren Igor iritsi zen, 37:56 denbora eginez. Minutu eta erdi eskasera Miren helmugaratu zen (39:13) eta Borjak berriz, 44 minutu eta 30 segundu behar izan zituen 2220 m-ko distantzia osatzeko.
Horrela, gure igerilariek erronkaz eta emozioz beteriko uda izan dute eta oso gustora aritu dira; ikusi dugun moduan, Igor izan da parte-hartze gehien izan dituen igerilaria, urte osoko lana zeharkaldietan erakusteko aukera izan duelarik. Gainontzekoek ere martxan jardun dute eta zita guztietan lehiatu ez duten arren, igeriketari esker momentu oso politak pasa dituzte udan zehar. Denboraldiari amaiera eman diote, uretan zein uretatik kanpo esperientzia ederrak bizi izanaren poztasunarekin.
🔝🔝🔝🔝🔝🔝🔝🔝
ErantzunEzabatu