Alebinak ere martxan dira dagoeneko!

Alebin taldeak bere jardunaldien denboraldiari hasiera eman zion joan den larunbatean, Lasarte-Oriako Maialen Chourraut igerilekuan gure taldeak antolatuta aurrera eraman zen Alebin Ligako 1. jardunaldiarekin.

Gure taldetik 2013 urtean jaiotako Urko Azpiazu izan genuen eta 2014 urtean jaiotakoen artean berriz, Nora Becerra. Biek lehen jardunaldi oso ona egin zuten, euren aurreko ia marka guztiak hobetuz. Urkok bizkar erako 100 metroetako eta estilo libreko 200 metroko probetan hartu zuen parte eta Norak berriz, bizkar erako 100 metroetako proban eta lau estiloetako 100 metrokoan. Saioaren amaieran ere, talde desberdinetako igerilari guztiak nahastuta sortutako taldeean 6x25 krol hankak erreleboa izan zuten guztiek eta arratsaldeari amaiera polita emateko aukera izan zuten.
Orokorrean oso pozik atera ginen. Lehen jardunaldian euren burua proban jartzeko parada ederra izan zuten denek eta, markak alde batera utzita, igeriketa teknikan eta taktikan lan egiteko aukera ona baliatu zuten denek.

Hurrengo jardunaldia Andoainen izango dute eta lau estiloetako 200 metroak, tximeleta erako 50 eta 100 metroak eta bizkar erako 200 metroko proben artean aukeratu beharko dute igerilariek.

Kronikari amaiera eman aurretik, bi kontu aipatu nahiko genituzke. Alde batetik, ederra izan zen igeri egingo zuten bi igerilariak taldeko beste hainbat igerilarirekin elkartuta ikustea; bai helduagoak eta baita gazteagoak ere; oso gustura ikusi genituen denak! Bestetik, jardunaldian laguntzen izan ziren bolondresei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, euren laguntzarik gabe jardunaldia burutzerik ez genuke izango eta. Mila esker Borja Apeztegia, Itsaso Tolosa, Ohiana Gonzalez, Amaia Amiano, Uxue Loinaz, Miren Bardaji, Sebastián Bianchi, Aitziber Martiarena, Unai Salaberria eta Amalur Yuberori!

Ildo beretik jarraitu Ekipo! BRNPWR!





Iruzkinak