Taldeko txikienen estreinaldi bikaina etxean, Andoainen

Aurreko larunbatean, azaroaren 29an, Andoaingo Allurralde kiroldegian, Benjamin Jaialdiko 1. jardunaldia ospatu zen. Bertan taldeko 22 igerilari aritu ziren. Parte hartu zutenen artean, 2017an jaiotako Fermin Bianchi, Luken Frutos, June Galan, Lide Iturbe, Gorka Arizmendi, Luciana Castro, Mikel García, Unax Polaina, Nora Tejado, Arnau Ubago, Mae Muga eta Julen Retegui izan ziren batetik. Bestetik, 2016ko Naroa Mitxelena, Noa Blanco eta Nahia Granado. Azkenik, 2015eko June Lasarte, Leire Lopez, Oier Perez, Oier Azpiazu, Arane Erro, Iraia Gonzalez eta Uxue Apeztegia izan ziren bertan.

Jardunaldian zehar igerilari gehienak 50 libre proban aritu ziren eta bakar batzuk aldiz 100 libre eta 200 libre proban. Honez gain, libre erako 100 eta 200 metroetako proben artean, lehen jardunaldian alebinen taldeak egin zuen moduan krol hanken errelebu txiki bat izan zuten denek, adin, genero eta talde guztietako haurrak elkartuta. Saio bukatzako eraketa mistoan 4x50 bizkar estiloko errelebua ere izan zuten 2015ean jaiotako igerilariek.

Gure txikien gehiengoarentzat jardunaldi hau burutzen zuten lehena izan zen eta 50 libre proba jendaurrean burutzen zuten lehen proba. Normala den moduan, urduri xamar zeuden guztiak baina, hala ere, ausardia osoz ekin zieten euren probei. Egin beharrekoak egin ostean, nabaria izan zen gure txikiek aurpegian marraztua zuten irrifarra.

Logikoa den bezala oraindik ere gauza asko ikasteko eta hobetzeko ditugun arren, guztiek erakutsi zuten gogoa eta kideak animatzeko modua goraipatzekoak izan ziren.

Hurrengo jardunaldia abenduaren 20an izango dute gure txikitxoek eta aurrez, abenduaren 13an, Paco Sanchez Sarian ere izango dira gure haurrak. Buru-belarri lanean jarraituko dugu eta batez ere igeriketarekin gozatzen.

Aupa Buruntxikiak!

Iruzkinak