EUSKAL HERRIKO NEGUKO TXAPELKETA ABSOLUTUA | CTO DE INVIERNO ABSOLUTO DE EUSKAL HERRIA

ESPAINIAKO GUTXIENEKO BERRI BAT, BI EUSKADIKO TXAPELDUN, TXAPELDUN ORDE BAT, 3 URRE, ZILAR 1 eta 3 BRONTZE, 11 MARKA PERTSONAL eta TALDEKO 11 ERREKOR BERRI Euskal Herriko Neguko Absolutuen Txapelketan
  • Itsaso Tolosa: 200 bizkar frogan Txapeldun junior mailan eta brontzea absolutuan. 100 bizkar frogan Txapeldun orde
  • Mikel Esnal brontzea 100 estiloak frogan
  • Haitz Mitxelena: 200 tximeleta frogan Txapeldun promesa mailan eta brontzea absolutuan.
  • Iñigo Ibarburuk 100 bizkar frogako Espainiako gutxienekoa lortu zuen (1'02''31)


Pasa den asteburuan, Euskal Herriko Neguko Absolutuen Txapelketa ospatu zen Irunen. Bertan, taldeko lau kide izan ziren lehian eta laurek emaitza onak lortu zituzten. Parte hartu zuten taldekideak Mikel Esnal, Iñigo Ibarburu, Haitz Mitxelena eta Itsaso Tolosa izan ziren. 



Mikel Esnal bikain aritu zen igeri egindako froga guztietan. Igeri egindako lau frogetan marka pertsonalak lortu zituen.eta beste horrenbeste taldeko errekor berri ezarri zituen.
Larunbat goizean 100 libre froga izan zuen. Froga hontan 54''38 egin zuen Mikelek eta 7garren sailkatu zen. Marka honekin, Unibertsitate arteko Espainiako Txapelketarako gutxienekotik 18 ehunenekotara geratu zen.

Arratsaldean, 100 estiloak frogan aritu zen. Froga hontan ere marka pertsonala egin zuen 1'03''73 eginez eta bere kategorian, promesa mailan, brontzezko domina eskuratu zuen.

Igandeko jardunaldietan 200 libre eta 50 libre frogak izan zituen. Goizean, 200 libre frogan, 2'01''44 egin zuen bere marka pertsonala segundu batean hobetuz eta arratsaldean ere bere 50 libreko marka hautsi zuen 24''70 eginez eta laugarren sailkatuz.

Poliki poliki Unibertsitate arteko Espainiako Txapelketarako gutxienekotara hurbiltzen ari da. Ea datozen txapelketetan lortzen dituen.

Haitz Mitxelena ere bikain aritu zen eta egindako froga guztietan marka pertsonalak lortu zituen eta taldeko errekor berriak ezarri zituen. Guztira hiru frogetan aritu zen Haitz: 50, 100 eta 200 tximeletan. 

Larunbat arratsaldean 50 tximeleta izan zuen eta 27''98 egin zuen. 

Igandeko jardunaldietan, goizean 100 tximeleta eta arratsaldean 200 tximeleta izan zituen. Lehenengoan 1'00''30 denborarekin bere marka bi segundutan hobetu zuen eta laugarren sailkatu zen. 

Arratsaldean, bere froga nagusian, beste marka eder bat lortu zuen 2'11''08 eginez eta bere marka beste bi segundutan hobetuz. Froga hontan gainera Haitzek bi domina irabazi zituen, bata brontzea absolutu mailan, eta bestea urrea eta Euskadiko txapeldun titulua bere kategorian, promesa mailan.

Iñigo Ibarburu ere txapelketan aritu zen, infantila izanik gutxieneko absolutu asko baititu. Pasa den asteburuko Espainiako Txapelketaren ondoren forma fisikoa aprobetxatu eta marka batzuk hobetzeko asmoarekin joan zen. Modu horretan lau frogatan egin zuen igeri: 200 estiloak, 200 bizkar, 100 tximeleta eta 100 bizkar frogetan. 

200 estiloak frogan bere marka hobetzea lortu zuen 2'20''92 egin zuen eta zeuden infantilen artean azkarrena izan zen. 

100 tximeletan ere marka pertsonala lortu zuen 1'00''83 eginez eta baita 100 bizkar frogan ere, 1'02''31rekin kronoa geldituz eta froga hontan Espainiako Txapelketarako gutxieneko berri bat lortuz. 200 bizkar frogan ezin izan zuen bere marka hobetu. Hobetutako hiru frogetan taldeko errekor berriak ezarri zituen Iñigok.

Azkenik, Itsaso Tolosa izan zen neska bakarra. Itsaso Malagan izango den Espainiako Open Txapelketa prestatzen ari da eta Gazteen Espainiako Txapelketaren ondoren gogor ari da lanean. Txapelketa hau beraz ez du bere momentu onenean burutu baina hala ere oso txukun ibili da. Itsaso 200 bizkar, 100 tximeleta, 50 bizkar eta 100 bizkar frogetan aritu zen. 

50 bizkar frogan ezin izan zuen bere marka hobetu baina laugarren sailkatu zen. 

200 bizkar frogan, bere marka berdinduz, bi domina irabazi zituen, brontzea absolutu mailan eta urrea eta Euskadiko Txapeldun titulua junior mailan. 

Igande arratsaldeko frogan, animatuago egin zuen igeri eta 100 bizkar frogan bere marka pertsonala segundu batean hobetu zuen 1'07''36 eginez. Marka honekin bigarren izan zen eta zilarra irabazi zuen, Txapeldun orde tituluarekin batera. Froga hontan ere taldeko errekor berri bat ezarri zuen.100 tximeleta frogan ezin izan zuen bere marka hobetu.

Asteburu emankorra beraz. Hemendik aurrera Itsaso Tolosak datorren asteburuan izango duen Open Txapelketa prestatzen jarraitu beharko du eta besteak ondo irabazitako atsedena izango dute.

Iruzkinak