ERRENDIMENDUKO LIGAKO 4. JARDUNALDIA | 4ª JORNADA DE LIGA DE RENDIMIENTO

8 MARKA PERTSONAL eta TALDEKO 13 ERREKOR BERRI Ordizian ospatutako Errendimenduko Ligako 4. jardunaldian

  • Prestakuntzaren fase hontan gogor aritu ziren gure igerilariak


Pasa den larunbatean errendimenduko ibilbidean dauden taldeko infantil, junior eta absolutuek ligako laugarren jardunaldia izan zuten Ordiziako Majori igerilekuan. Bertan, taldeko 9 igerilari aritu ziren Tolosaldea IKT-ko igerilariekin lehian.



Bi talde bakarrik izateagatik txapelketa azkarra eta gogorra izan zen, igerilariek froga desberdinak nahiko jarraian burutu behar izan baizituzten. Hala ere, gure igerilariak oso txukun eta indartsu aritu ziren. Egindako froga askotan marka pertsonalak egitea lortu zuten eta taldeko zenbait errekor polit berri batzuk ezartzea ere bai. 

MARKA PERTSONALAK
Frogen aldetik, nesketan Itsaso Tolosak 50 tximeletako marka berria lortu zuen 32''12 eginez eta gipuzkoako sailkapen bateratuan bigarren postuan sailkatu zen. Egindako beste bi frogetan, 50 libre eta 100 bizkar frogan bosgarren eta lehenengo postuan sailkatu zen buruz buru.

Naiara Lizaso 50 libre, 200 libre eta 50 tximeletan aritu zen. Oraindik forma onenean ez badago ere, txukun aritu zen hiru frogetan. Naiarak 4x100 libre erreleboko postan egin zuen igeri ondoen, ohi baino kontrol eta lasaitasun gehiagorekin egin baitzuen igeri eta denboraldiko marka onena eginez, berriro ere distantzia hobeto maneiatzen hasi dela erakutsi zigun.

Nahia Jie Villamedianak egindako hiru frogetan marka pertsonalak lortu zituen. 50 libren 32''40 egin zuen. Froga hontan irteera nahiko mantsoa izan zuen eta erreakzio hobearekin 31 segundutan egoteko moduan dela uste dugu. 100 bizkar frogan bere marka pertsonala 1'13''68an utzi zuen eta 100 estiloetakoa 1'19''72an. 100 bizkar frogan bigarren izan zen sailkapen bateratuan eta 100 estiloetan berriz laugarren.

Ainara Garcia bular estiloko 100 eta 200 metroetan aritu zen. Marka pertsonalik egitea ez zuen lortu eta frogak ondo kontrolatzea asko kostatu zitzaion baina hala ere bi frogetan gipuzkoako sailkapen bateratuan lehenengo postuan izan zen.

Azkenik, Jone Vazquez-ek eta Janire Berasartek 800 libreko marka pertsonalak hobetzea lortu zituzten. Jonek 10'31''53an utzi zuen marka berria eta Janirek berriz 10'38''97an. Biak ere oso gogotsu eta indartsu aritu baziren ere, Janireren 800a aipatzekoa da bereziki. Froga ondo neurtzea kostatzen bazaio ere, orain aste gutxi egindako marka minutu erdian hobetzea lortu zuen.

Mutiletan, Iñigo Ibarburu, Mikel Esnal eta Haitz Mitxelena aritu ziren. Haitzek 50 libre eta 200 libreko markak hobetu zituen 27''18 eta 2'08''19 eginez.

Iñigok eta Mikel Esnalek ez zuten marka pertsonalik lortu baina benetan gogor aritu ziren. Mikel Esnal lehenengo postuan sailkatu zen 50 libren eta bigarren 50 tximeletan. Iñigo berriz, lehen postuan izan zen 50 tximeletan eta bigarren 50 libre eta 200 libre frogetan.

TALDEKO ERREKOR BERRI ESANGURATSUAK
Egindako marken artean, aipatzekoak izan ziren taldeko errekor berri bilakatu ziren marka batzuk. Bereziki Itsaso Tolosaren 50 tximeletako 32''12a, 17 urteko eta absolutu maila errekor berria. Jone Vazquez-en 800 libreko marka (10'31''53) 16 urteko eta absolutu mailako errekor berria izan zen baita ere eta Nahia Jie Villamedianaren 100 bizkar frogako 1'13''68a berriz, 13 urteko errekor berria izan zen.

Aste hontatik aurrera, gure igerilariak jada Gipuzkoa, Euskadi zein Espainiako Txapelketak prestatzen hasi dira. Pixkanaka, forma hobean ikusiko ditugula pentsatzen dugu eta txapelketa hauetan marka onak lortzen ikusiko ditugulakoan gaude. Hurrengo zita otsailaren 8 eta 9an izango dute, Azpeitian ospatuko den Gipuzkoako Neguko Txapelketan.

AUPA EKIPO!! ANIMO TA LATIGO!!

Iruzkinak