IÑIGOK ADINEKO HIRUGARREN POSTUA ESKURATU ZUEN 100 TXIMELETAN
- 100 libre eta 100 tximeletan marka pertsonalak eta taldeko errekor absolutu berriak ezarri zituen. Bietan finaletan izan zen.
Pasa den otsailaren 27tik martxoaren 2ra Iñigo Ibarburu Pontevedran izan da Espainiako Junior eta Infantilen Neguko Txapelketan parte hartzen. Txapelketa polita izan da, harmailak egunero jendez gainezka izan dira eta txapelketa garrantzitsu baten benetako kutsua izan du.
Iñigo 100 libre, 100 tximeleta eta 200 libre frogetan lehiatu da eta emaitza onak lortu ditu ditu hiruetan. Laugarren gutxieneko bat ere bazuen Iñigok, 50 librekoa, baina 100 tximeleta frogarekin batera zuenez, baja eman genuen froga hontan, tximeletako frogarako modurik egokienean egon zedin.
Txapelketa ona egin zuen Iñigok eta sailkapena kategorika zenez, bera baino urte bat zaharragoekin batera lehiatu behar izan zuen. Egoera horrek, egindako marka eta postuak lausotzen dituen arren, jakin badakigu Iñigo bere adineko onenen artean dagoela. Udarako txapelketan bezela sailkapena adinez adin egingo balitz, orain brontzea lortu izanaz egongo ginateke hizketan.
100 libren eta 100 tximeletan kanporaketetan eta finaletan aritu zen Iñigo eta 200 libreko finalerako gutxigatik ez zen sailkatu.
Osteguneko saioan Iñigo 100 libre frogan aritu zen. Froga hontan bere marka pertsonala haustea lortu zuen 54''15 eginez. Marka honekin 17 urteko eta absolutu mailako taldeko errekor berria ezarri zuen. Gainera, arratsaldeko B finalerako sailkatu zen. Arratsaldeko finalean, ez zen goizean bezain ondo aritu eta denboran pixka bat gora egin zuen 54''54 eginez. Froga hontan kategoriako 20garrena izan zen Iñigo, baina bere adineko 11garren postua eskuratu zuen.
Ostiralean 50 libre eta 100 tximeleta frogak zituen. Tximeletako frogarako indar betean egoteko, 50 libren baja eman genuen. Bere frogan, marka pertsonala eta 17 eta absolutu mailako taldeko errekor berriak egin zituen Iñigok 57''82 denborarekin. Marka honekin Iñigo arratsaldeko A finalerako sailkatu zen. Kanporaketan jada hirugarren postua ziurtatua zuen eta arratsalderako bigarren postuaren bila joatea erabaki genuen. Horretarako, pasea azkarrago egin beharra geneukan eta halaxe egin zuen Iñigok arratsaldean. Goizean baino 0,20 azkarrago pasa zen 50ean bigarren postuaren bila joateko baina itzulera ohi baino gehixeago kostatu zitzaion eta 58''21ekin hirugarren postuan geratu zen (ez da postu makala!).
Larunbatean goizez entrenatu eta arratsaldean jai izan genuen. Igandean, 200 libre frogan 1'59''46 egin zuen eta ez zuen bere marka hobetzerik ez finalean sartzerik izan.
Orokorrean gustura eta 100 tximeletako 3garren postuarekin oso pozik atera ginen. Hala ere, autokritika pixka bat eginez, "pusta a punto" faseak gehiegi iraun zueneko ondoriora iritsi ginen biok. Izan ere, txapelketaren aurreko astean indar bete betean zegoen Iñigo eta astelehentik asteazkenera bitartean sentsazio onak aurkitu ezinik aritu zen. Ziurrenik 3-4 egun sobratu zaizkigula uste dugu biok. Hurrengorako kontuan izango dugu.
Iñigok izango duen hurrengo txapelketa garrantzitsua Absolutu mailako Espainiako Open Txapelketa izango da, Palma de Mallorcan. Oraingoz 100 tximeleta frogan arituko da. Txapelketa hau apirilaren 10etik 13ra bitartean izango da. Berau prestatzeko asti askorik ez dugu izango baina ahalik eta onenak ematen saituko gara. Txapelketa hau prestatzeko bidean bi txapelketa izango ditu Iñigok; bata hurrengo astean Zaragozan, bertako Nazioarteko Sarian eta bestea bi aste barru donostian Gipuzkoako Federazioaren Sarian. Txapelketa horietan forma mantendu eta gutxieneko berriren bat lortzen saituko gara.
Zorionak egindako txapelketagatik !! Aupa TITAN!!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina