Gipuzkoako Neguko Ligaren bigarren jardunaldia jokatu zen pasa den urriaren 31n Hernaniko Udal Kiroldegiko igerilekuan. Gau Beltza izan arren Buruntzaldea I.K.T.ko igerilariek arima bera ere utzi zuten uretan beraien markak hobetze aldera.
Guztira bost igerilarik hartu zuten parte: Urko Azpiazuk, Izaro Bautistak, Aiala Errok, June Apeztegiak eta Lier Garmendiak. Ezin izan zuten parte hartu Nara Larretxeak eta Itxaso Iparragirrek. 10 probetatik 7tan markak jaitsi zituzten. Beraz, bada gustora egoteko motiborik, eta hori istripu txikiren bat izan eta gero irteeraren batean.
Lier Garmendiak 400 estiloetan ez zuen markarik jaitsi, gertu geratu arren. 5:57.65eko denborarekin hiru segundotara geratu zen. 100 estiloetan ordea, jaitsi zuen denbora 1:17.46rekin. Hala ere, oraindik eta denbora gehiago jaitsi zezakeen, irteeran irristatu ez bazen. Zorte txarra izan zuen Lierrek, nahiz eta denbora hobetu.
Aiala Erro, June Apeztegia eta Izaro Bautista 50 eta 200 estilo librean aritu ziren. Junek bietan lortu zituen bere markarik onenak 35.38 eta 2:56.18 denborekin. Izarok ere proba motzean denbora hobetu zuen (35.62), ez ordea 200en. Aialak alderantziz 200ekoan egin zuen bere denborarik onena (2:40.93).
Bere markak gehien jaitsi zituena Urko Azpiazu izan zen. 50 libre proban 36.44ko denborarekin bi segundotan hobetu zuen denbora eta 200 libren 2:54.09rekin 21 segundotan. Pena 100 metroetako pasean bere markatik 2 ehunenekoetara gelditu izana.
Gustora egoteko jardunaldia izan zen, igerilariak pozik irten ziren igerilekutik eta datorren jardunaldirako prest dira, baita markak hobetzeko gogoekin ere. Lehendabiziko bi jardunaldietan 22 probetan 17 hobetu dira. Ez da gauerdiko ahuntzaren eztula!!!
Burunpower!!!
