Zilar bat, taldeko 4 errekor berri eta 9 marka pertsonal Euskal Herriko Negukoan

Lehiaketa asteburu txukuna pasa berri dugu Iruñan. Gure bost taldekide bertan izan dira asteburuan zehar, Absolutu mailako Neguko Euskal Herriko Txapelketan parte hartzen. Lehiaketan EAEko eta Nafarroako taldeak izan dira parte hartzen. Gure taldetik, Aintzane Sarobe, Nora Imaz eta Garazi Etxeberria aritu ziren larunbatean eta igandean berriz Unai G. Somovilla eta Eneko Elizasu.

Emaitzei dagokionez, larunbateko saioan Nora Imaz podiumean ikusi genuela esan beharra dugu, 800 librean 9:53,86 eder bat egin ostean. Denbora zeraman Norak distantzia ertain eta luzeetan markak hobetu nahirik, ondo entrenatzen ari dela jakinda horretarako gaitasuna baduela badaki eta. Kosta zaion arren, larunbateko saioan, azkenik bere aurreko marka hobetzea lortu zuen eta horrekin batera Euskal Herriko Txapeldunorde titulua eskuratzea ere bai. Norak berak 400 libreko marka pertsonala hobetzea ere lortu zuen arratsaldeko saioan, marka berria 4:47,97an utzita.

Aintzane Sarobek goizeko saioan 50 libreko marka pertsonala hobetzea lortu zuen (28,20) eta baita arratsaldeko 100 bizkar proban ere, azken honetan marka berria 1:10,60an utziz. Bi proba hauetaz gain 100 librean eta 200 librean ere aritu zen eta marka pertsonalak egitea lortu ez bazuen ere, proba hauetan ere oso txukun aritu zen, bere erregistro onenetan. Igerileku luzea pandemiaz geroztik ikutzen duen bigarren aldia dela jakinik ere emaitzak oso positiboak direla uste dugu. Aintzanek, egindako markekin taldeko 17 urteko hiru errekor berri ezarri zituen: bata 50 librekoa, esan bezala 28,20 eginez eta bere marka pertsonala hobetuz. Bestea 100 librekoa, nahiz eta marka pertsonala egin ez erregistro berria 1:00,66an utziz eta azkena 200 librean, 100 libreko egoera berean baina taldeko errekor berria 2:16,37an utziz. Bai 100ekoa eta baita 200ekoa ere absolutu mailako markatik oso gertu utzi ditu Aintzanek.

Larunbatean aritu zen hirugarren neska Garazi Etxeberria izan zen. Garazi infantil kategoriako igerilaria izanik asko ari da hobetzen aurten, eta horrek absolutu mailako igerilariekin Euskal Herriko Txapelketa  batean lehiatzeko aukera eman dio. Garazi 50 librean bakarrik aritu zen. Estilo libreko 100 metrokorako gutxienekoa ere bazuen, baina aforo kontuengatik serie kopurua mugatua zenez ez zen proba horretarako sailkatu. Burututako proba bakar horretan marka pertsonala egitea lortu zuen Garazik, kronoa 28,82 eder batean geratuz.

Igandean mutilen txanda izan zen. Goizean biak aritu ziren, bai Unai G. eta baita Eneko ere. Unai G. Somovilla goizeko saioan aritu zen bakarrik, lehendabizi 100 bular proban eta gero 100 tximeletan. Bi probatan astun eta luze egin zitzaion Iruñako igerilekua Unairi eta bi probetan ere, biak 100 metrokoak izanda, bigarren zatia ondo burutzea asko kostatu zitzaion. Hala ere, tximeleta erako 100 metrokoan marka pertsonala egitea ortu zuen, 1:10,63ko erregistroarekin.

Eneko Elizasu goiz eta arratsalde aritu zen lehian. Goizeko saioan 200 librean lehiatu zen eta 2:08,06 eginda marka pertsonala hobetzea lortu zuen, tartean gainera 100 libreko marka berria 1:01,97an utziz. Arratsaldeko saioan Eneko 400 librean aritu zen eta proba horretan ere marka pertsonala ondu zuen eta horretaz gain, egindako 4:32,82a taldeko 17 urteko errekorretan sartzea ere lortu zuen. 

Orokorrean pozik gaude gure igerilariek egindako lehiaketarekin. Emaitzak gora-behera urte zaila da eta gutxi gorabeherako normaltasun batean baino ez gaudenez, kontestuak baimentzen diguna kontutan izanda, emaitzak onak direla uste dugu. Neguko zatiko lehiaketa garrantzitsuena edo, helburutzat hartu duguna behintzat, datorren astean izango dute gure taldekideek, non Irunen ospatuko den Gipuzkoako Kluben Kopan egin dezaketen taldekide guztiek hartuko duten parte, nork bere onena emateko bestelako eskaerarik gabe. 

Animo ekipo!! Brnpwr!


Iruzkinak