2 brontze, 10 marka pertsonal berri eta taldeko errekor berri bat IV. Gipuzkoa Open Sarian

Pasa den asteburuan zehar, taldeko zenbait igerilari Donostiako Paco Yoldin izan dira, IV. Gipuzkoa Open Sarian lehian. Txapelketa larunbat eta igandez ospatu da eta goiz eta arratsaldeko jardunaldiak izan ditu, kanporaketa serieak goizetan eta finalak arratsaldetan.

Gure taldetik Aintzane Sarobe, Unai G. Somovilla, Garazi Etxeberria, Izaro Audikana, Nahia Goenaga eta Nora Imaz aritu dira lehian eta hiruk arratsaldetan finalak jokatu dituzte.


Markei dagokionez, Unai G. Somovilla bular estiloko 3 distantzietan aritu zen eta hiruretan finaletarako sailkatu ere bai. Asteburu ona izan zuen Unaiek eta hirutik bi marka pertsonal egitea lortu zuen. Alde batetik 50 bular proban marka pertsonala egitea lortu zuen kronoa 33,67n geratuz eta gainera 2015etik gainditu gabe zegoen absolutu mailako errekor berria ezarri zuen. Bestetik, 200 bular proban ere marka pertsonala egitea lortu zuen, erregistro berria 2:48,61ean ezarriz. Igandeko 100 bular probako finalean, Unai G. Somovillak junior kategoriako brontzezko domina eskuratu zuen.

Aintzane Sarobe ere arratsaldeko finaletan aritu zen, proba guztitan bikain arituz. Estilo libreko 50 eta 100ean oso ondo aritu zen bere marka onenetatik oso gertu lehiatuz eta baita tximeleta erako 50 metroetan ere. Hala ere, bizkar estiloan aritu zen ondoen, 100 metrokoan kronoa 1:09,13an geratuz eta marka pertsonala egitea lortuz. Proba honen 50eko pasean ere marka pertsonala egitea lortu zuen Aintzanek (33,08).

Nora Imaz ere aritu zen finaletan, 400 eta 800 librekoan. Goizetako kanporaketetako 100 librean ere lehiatu zen. Nora konfinamendu egoera batetik atera berri da eta egun asko entrenatu gabe pasa ondoren proba txukunak egin zituela esan behar dugu. Nora bera podiumean izan zen igandean, junior kategoriako 800 libreko brontzezko domina jasotzen.

Finalik gabe baina oso ondo lehiatuta amaitu zuten asteburua Garazi Etxeberriak eta Izaro Audikanak. Garazik burututako lau probatan marka pertsonal berriak egin zituen: 100 librean 1:04,25, 200 librean 2:26,88, 400 librean 5:01,97 eta 50 bular proban 38,85. Izarok ere ortu zuen marka pertsonalik, kasu honetan 50 eta 100 bular probatan; lehenengoan 39,09an utzi zuen marka berria eta bigarrenean aldiz 1:31,43an.

Azkenik, bi proba on burututa baina zoritxarrez deskalifikatuta geratu zena Nahia Goenaga izan zen. Igerileku luzean aritzen zen lehen aldia zen berarentzat eta horrek jada urduritasun apur bat ekartzen du. Deskalifikatua izan bazen ere, egindako denborak onak izan ziren, Euskal Herriko Txapelketarako sailkatzeko modukoak eta beraz, arautegiaren inguruko arlo hori zuzendu eta bide beretik jarraitu besterik ez dago.
 

Gure taldekideen artean hurrengo hitzordua larunbat honetan izango dugu, Lasarte-Oriako "Maialen Chourraut" Udal Kiroldegian, non Jurgi Sukunza GIF Marken Kontrolean arituko den.


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko


Iruzkinak