Txapelketa bikaina egin berri du Nahiak Berlinen, 35. IDM Berlin Txapelketan. Munduko zirkuituaren barruan dagoen lehiaketa honetan bere igeriketarako maila bikaina erakutsi du beste behin ere.
Lehiaketan guztira 8 probatan lehiatu da Nahia eta horietako zenbaitetan bi bider, kanporaketak eta finalak kontutan izanda. Modu horretan, lehen eguneko 200 librean eta 100 tximeletan, bietan ere, arratsaldeko finaletan izan zen Nahia eta bietan ere lehen postua eskuratu zuen bere kategorian.
Bigarren egunean 100 librean lehiatu zen eta arratsaldeko finalerako sailkatu ostean 800 librean lehiatu zen, erlojuaren aurkako lehiaketan, non 10:26,38 eginaz bere marka minutu erdian baino gehiagoan hobetuz lehen postua eskuratu zuen absolutu mailan eta gainera Espainiako Errekor berria ezarri zuen. Arratsaldeko 100 libreko finalean Nahia bere kategorian lehen postuan izan zen.
Hirugarren egunean bere proba nagusian lehiatu zen Nahia, Tokyoko Paralinpiar Jokoetan parte hartzeko erreferentzia dena. Proba honetan goizean bere onenetik ehuneko gutxitara aritu zen eta arratsaldeko finalean aldiz, bere marka pertsonala ehuneko batzuetan hobetzea lortu zuen, kronoa 5:06:00an geratuz eta marka pertsonal berria eta Espainiako Errekor berria ezarriz. Proba honetan lehen postua eskuratu zuen Nahiak eta orotara laugarren izan zen.
Laugarren egunean 200 lau estiloak eta 50 tximeleta probak izan zituen Nahiak. Azken proban B finalean aritu zen eta bere kategoriako sailkapeneko lehen postua eskuratu zuen. Lau estiloetako proban aldiz Nahiak absolutu mailako bigarren postua eskuratu zuen eta 2:59,66 eginez marka pertsonala hobetu eta lehiaketako azken Espainiako Errekorra ezartzea lortu zuen.
Bular estiloko 100 metroetan ere lehiatu zen Nahia eta azken alditik hona, proba horretan asko hobetu duela erakutsi zuen, bai 50ekoan eta baita 100ekoan markak asko hobetuz. Hala ere, proba honen helburua igeriketa egokituaren barruan berari esleitutako klasea (S8, SB7, SM8) berrikustea edo berrestea du helburu, lehiaketarako proba baino gehiago.
Aurrera begira, uztailaren 5etik 14ra bitartean Malagan izango da Nahia, Nora Imaz eta Aintzane Sarobe taldekideekin batera, Gipuzkoako Igeriketa Federazioak antolaturiko kontzentrazioan.
Zorionak egindako txapelketagatik eta lortutako emaitzengatik! Brnpwr!
📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina