Nora Imaz Distantzia Luzeko Euskal Herriko Txapeldun 3000 metrokoan


Pasa den larunbatean, goizeko 9:45etatik aurrera, gure taldeak antolatuta, Distantzia Luzeko Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen Lasarte-Oriako Maialen Chourraut Udal Kiroldegian. Aurreko denboraldian ez bezala, momentuko arautegiaren baldintzapean, txapelketa normaltasunez ospatu zen eta proba egitarauan 2000 metrokoak izan ziren infantil kategoriako igerilarientzat eta 3000 metroko proba junior eta senior kategoriatan.

Guztira bost serie izan ziren, infantil kategorian gizonezkoena bat eta emakumezkoena beste bat. Junior eta senior kategoriatan 3 serie izan ziren, lehena eraketa mistoan, bigarrena emakumezkoena eta hirugarrena gizonezkoena. Guztira Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako 27 igerilari aritu ziren 11 talde ordezkatuz, tartean Nora Imaz gure taldearen izenean.


Burututako proban Nora bikain aritu zen. Probako 3000 metroen ondoren egindako markari esker Distantzia Luzeko Euskal Herriko Txapeldun izan zen Junior 1 kategorian. Norak egindako 36 minutu 49 segundu eta 14 ehunekoko marka, marka pertsonal berria da Norarentzat eta aurreko urtean egindako proba 4 segunduan hobetzen du. Orotara, Norak lehiaketako bigarren marka onena egin zuen emakumezkoen artean.

Zorionak Nora! Segi bide horretatik lanean!


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko


Iruzkinak