Txikiak oso ondo moldatu ziren aldi bereko estiloetan


Pasa den larunbatean, gure taldeko txikienek euren Test/KZL Ligari jarraipena eman zioten hirugarren jardunaldiarekin. Hirugarren jardunaldi hau Ordizian ospatu genuen, Majori kiroldegian eta bertan, gure taldetik, adin tarte honetako 13 haur aritu ziren.

Jardunaldi osoa benjamin kategoriakoa izanik, 2012 eta 2013ko haurrek, bular estiloko 50 metroko proba izan zuten eta saio amaieran tximeleta erako 6x25 errelebu mistoan parte hartzeko aukera ere izan zuten. Haur hauentzat garrantzitsuena arautegiaren inguruko ezagutza eta estiloen ikaskuntza izanik denak primeran aritu zirela esan behar dugu. Adin tarte honetan aritu ziren 2013ko haurrak Kerman Miguel eta Axel Fuertes izan ziren eta 2012koak aldiz Izaro Bautista, June Apeztegia, Amy Y. Sanchez, Eneko Isasa, Iker San José, Juren A. Matailo eta Iker García.

Benjamin kategorian baita ere, baina helduxeagoetan, 2011ko neska-mutilek eta 2010eko mutilek 50 librea eta 100 edo 200 bular bular probak izan zituzten aukeran. Hauek ere primeran aritu ziren, logikoa den bezala, txikienak baino segurtasun eta ezagutza handiagoarekin. Adin tarte honetan aritu ziren Itxaso Iparragirre, Oier Ormazabal, Ander Martinez eta Jon Isasa.

Jardunaldi honetan, normalean guztientzat ikasteko zailenak diren aldi bereko estiloetan egin behar izan zituzten probak, bular estiloan banakako probatan eta tximeletan errelebuan. Alde horretatik, jardunaldi zaila izan zen. Bular estiloko banakako probatan zuten denek arreta jarrita, koordinazio orokorrean eta arautegia betetzeaz gain, ostikada egiteko modu egokia zaintzean bereziki. Logikoa den bezala, oraindik ere ikasten jarraitu behar duten arren, bikain aritu ziren denak.

Orokorrean, adin tarte hauetan, lehiaketa emaitzak baino gehiago arautegiaren inguruko ezagutza eta arauen betetzea zein igeri egiteko modu egokia dira garrantzia gehien ematen diegun arloak eta zentzu horretan gustura atera ginen oraingoan ere gure txikienek egindako lanarekin. Urduri egon ziren arren, guztiek jarrera bikaina erakutsi zuten jardunaldi osoan zehar, euren erronkei aurre eginez, ikasitakoa aplikatuz eta talde giro alaia mantenduz.

Aupa Buruntxikiak!!


Iruzkinak