Infantil eta juniorrak oso gustura aritu ziren Pirinioetan


Pasa den astean, apirilaren 20tik 23ra bitartean, gure taldeko infantil eta juniorrak Panticosa inguruan izan ditugu egonaldi eder batean. Azken urteetan, arrazoi ezberdinen ondorioz ez dugu horrelako ekintzarik egin; beraz, denontzat esperientzia berria izan da.

Irteera honen helburu nagusiak taldekideen arteko harremanak sendotzea eta denboraldiko udako zatiko entrenamenduei hasiera ematea izan dira eta bete-betean asmatu dugula uste dugu; izan ere, neska-mutilak gustura ikusi ditugu eta aste santuaren ondoren entrenamenduei ekitea gogorra izan den arren, denon artean elkarbizitzan egitea eramangarriagoa izan denaren ustea dugu.

Lasartetik asteazkeneko 9:30etan irten ginen eta Andoaindik bertako taldekideak jasota, Pueyo de Jaca-ra abiatu ginen. Eguraldi kaxkarra espero genuen baina 12:30ak aldera iritsi ginenean, urdin-guneak, eguzki izpiak eta tenperatura fresko baina atsegina topatu genuen bertan. A zer nolako zortea izan genuen! Bazkaldu eta atseden txiki baten ostean, 16:00aldera Panticosara igo eta lehen entrenamendua burutu genuen. Esan bezala, igerilari guztientzat leku berria zenez, esperientzia ederra izan zen Pirinioetako mendi elurtuak ikusiz igeri egitea. Amaitutakoan, aterpetxera bueltatu eta afalostean mahai joko ezberdinekin barre algara ugari botaz eman zioten bukaera egunari.

Hurrengo bi egunetan, goizez entrenamendu saioak izan genituen eta arratsaldean berriz, mendi-buelta edo txango ezberdinak egin genituen: Ostegunean Hoz de Jaca herrian dagoen tirolina luzea ikustera gerturatu ginen eta basotik egin genuen aterpetxera itzulera, 11km inguruko ibilbidea osatuz; eta ostiralean berriz, eguraldi kaxkarragoa zegoenez (xiri-miria egiten zuen noizbehinka), Panticosara mendi-bide batetik igo, han eski-estazio ingurua ezagutu eta igerilekura joateko bide beretik itzulita, azkenean beste 8km inguruko txango bat egin genuen. Ostegunean afaldu ondoren, Mihiluze mahai jokora jolasean aritu ziren denak, honek ere une ahaztezinak utzi zizkigularik (eroglifikoekin, bertsotan, gai ezberdinen inguruko galderak erantzunez...) eta ostiralean berriz, gaueko iluntasunak ematen duen intriga aprobetxatuz, 'poliziak eta lapurrak' jolasean aritu ginen linterna eta guzti, izkutatzeko eta bata bestearen atzetik korrika ibiltzeko gaitasunak erakutsiz.

Larunbat goizean, aurreko egunetako nekea nabaria zen eta bestetan baina gehiago kosta zitzaien gaztetxoei ohetik jaikitzea, baina esnatu eta inguruko mendiak oraindik eta zurituago zeudela konturatu ziren gure gazteak, gauean hotza eta elurra egin zuenaren seinale, eta izugarrizko paisaiak aurkitu zituzten. Gosarian indarrak hartu eta azken entrenamendu saioa egin zuten gure gazteek, errekuperazio moduan bainu turkiar eta jacuzzi-a erabiltzeko aukera izan zutelarik. 

Aterpetxera itzuli, bazkaldu, maletak egin eta etxera buelta egin zuten 16:00ak aldera. 3 orduko bidaiaren ondoren, nekatuta baina oso esperientzia on eta polit batekin itzuli ziren gure igerilariak haien etxeetara, udako zatiari indarberrituta hasiera eman eta denboraldia ahalik eta ondoen amaitzeko gogoz!

📷 ARGAZKI ALBUMA


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko

Iruzkinak