7 marka pertsonal, 16 urteko taldeko errekor berri bat eta 3. postu bat Irunen


Pasa den larunbatean, apirilaren 30ean, gure taldeko lau igerilari Irunen ospatutako San Marcial Sarian izan ziren. Txapelketa hau Gipuzkoako Sarien A Zirkuituko lehen jardunaldia izan zen eta bertan izan genituen Miren Sarobe, Garazi Etxeberria, Nora Imaz eta Unai G. Somovilla taldekideak. Aste Santuko oporren ondorengo lehen txapelketa izanik, gustura gaude egindako lanarekin; guztira 7 marka pertsonal, 16 urteko taldeko errekor berri bat eta 3. postu batekin itzuli baitziren etxera.

Lauetan infantil bakarra Miren Sarobe izan zen eta 400 libre, 100 tximeleta eta 100 lau estiloetako probetan parte hartu zuen. Hatz bateko lesio txiki baten ondorioz, ezin izan zuen modurik egokienean lehiatu; baina hala ere, lehen bi probetan marka pertsonalak egitea lortu zuen Mirenek, kronoa 5:06,93 eta 1:20,53-an geratuz hurrenez hurren. Hirugarren eta azken proban marka pertsonalik egitea lortu ez bazuen ere, 1:17,33 denborarekin bere markatik gertu ibili zen.

Juniorretan, Garazi Etxeberria eta Nora Imaz izan genituen. Garazi 50 eta 100 tximeletan eta 100 lau estiloetan aritu zen. Lehen proban, 30,53 denbora politarekin marka pertsonala egiteaz gain, taldeko 16 urteko errekor berria ezarri zuen Garazik eta estilo bereko 100 metrokoan berriz, bere marka 4 segundutan birrinduz, 1:10,59an geratu zuen markagailua. Mirenen antzera, azken proban (100 lau estiloak) marka pertsonalik egin ez zuen arren, gertu ibili zen, 1:10,88 denbora eginez.

Nora Imaz berriz, 400 libre, 100 bizkar eta lau estiloetako 100 metrokoan aritu zen. Lehen proban 4:38,49an geratu zuen markagailua, bere marka pertsonaletik gertu eta 100 bizkar frogan, atseden laburra izan arren, 1:12,28 denborarekin marka pertsonala egitea lortu zuen. Gainera, proba honetako 50 metroko pasean ere marka pertsonala ezarri zuen (36,04). Azkenik, lau estiloetako 100 metrokoan ere beste marka pertsonal bat lortu zuen, 1:11,55 denborarekin. Honez gain, 400L-an egindako denborarekin 592 FINA puntu eskuratuta, junior mailako 3. sailkatua izan zen eta produktu gastronomikoz beteriko saskia eraman zuen etxera.

Azkenik, Unai G. Somovilla izan genuen mutil eta absolutu bakarra, 50 bular, 100 bular eta lau estiloetako 200 metrokoan lehiatu zelarik. 50 bular proban 32,82 eginda, bere markatik gertu ibili zen eta estilo bereko 100 metrokoan berriz, 1:14,20an geratu zuen markagailua. Honen ondoren, ia atsedenik izan gabe, lau estiloetako 200 metrokoan lehiatu zen eta nekearen eraginez 2:28,99 egin bazuen ere, gustura geratu zen Unai egindako proba eta denborarekin.

Lan ona laukote!!


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko

Iruzkinak