Alebinek ere ederki itxi zuten liga


Pasa den larunbatean, apirilaren 30ean, Tolosako Usabal Kiroldegian, Alebin Ligako 7. eta azken jardunaldia izan zuten gure haurrek, benjaminen KZL/Test jardunaldiaren ostean. Jardunaldi honetarako proba sendoak egokitu zitzaizkien igerilariei. Adin tarte honetako 13 haur izan ziren lehian gure taldetik.

Aurreko jardunaldiko proba gogorrei segida emateko, iraupen ertaineko edo lau estiloetako probak izan zituzten alebinek jardunaldi honetan, 200 metro estilo librean eta 400 edo 100 metro banakako lau estiloetan izan zen banakako proba programa. Errelebu gisa, bi proba izan zituzten, biak ere eraketa mistoan; lau estiloetako 4x100 metrokoa eta 4x100 estilo librekoa. Azken proba honetan, modu batera edo bestera, taldekide guztiek parte-hartzea lortu genuen gainera, modu horretan guztiek saioko proba programa osoa burutzeko aukera izan zutelarik.

Haur hauek jada adinez gorago dauden arren, badira aurten hasiberriak diren igerilariak eta zentzu horretan, pozik ikusi genuen 200 libreari edo lau estiloetako 100 metroei zein errelebuko probei zeinen ganora handiarekin eta zeinen gogotsu ekin zioten. 

Marka esanguratsuenak lau estiloetako 400 metrokoan eta 200 metrokoan etorri ziren, Luzeenean, Iñaki Garciak Euskal Herriko Alebin mailako gutxienekoa egite lortu zuen. Proba berean oso gertu egon ziren baita ere Ibon Elola eta Mario Amantegi, baina ez ziren gutxienekora egitera iristeko gai izan. Laburragoan aldiz, 200 metrokoan, Itxaso Iparragirrek eta Nora Rey-k Alebin mailako Gipuzkoako Udarako Txapelketarako sailkapena lortu zuten. Zorionak denoi!

Jardunaldi honekin ikaskuntzari eta kirol garapenari zuzendua dagoen liga amaitzen da. Hemendik aurrerako probatan nork bere onena emateko aukera izango du etorriko diren sari eta txapelketa desberdinetan. Lehen zita bi aste barru izango da alebin batzuentzat, Euskadiko Kirol Jokoetan Gipuzkoa defendatuz lehiatuko dira eta.

Zorionak denoi!!



📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko

Iruzkinak