Benjaminek ederki eman zioten amaiera euren ligari


Pasa den larunbatean, gure taldeko gaztetxoek ligako azken jardunaldia izan zuten. Ligako 5garren jardunaldi hau Tolosako Usabalen ospatu zen eta bertan adin tarte honetako taldeko 18 haur izan ziren. Ohi bezala, gauza positiboak eta hobetu beharrekoak ikusi genituen jardunaldi honetan eta beraz ondo egindakoari eutsi eta ikasi beharrekoari gogoz ekiten jarraitu beharko dugu. 

Jardunaldiaren programari dagokionez, jardunaldi honetan lau estiloetako probak izan ziren proba nagusiak. Benjamin txikiek (Benjaminak A, 2013 eta 2012) 100 metro banakako lau estiloak proba izan zuten eta baita 6x25 lau estiloetako errelebu mistoa ere. Benjamin B kategoriakoek aldiz (2011 neska-mutilak eta 2010 mutilak), 50 tximeleta eta 200 metro banakako lau estiloetan izan zituzten. Adin tarte honek saioa amaitzeko 4x50 bular estiloko erreleboa izan zuen.

Benjaminak A: 100 metro Lau Estiloetako Proba eta 6x25 Lau Estiloetako Errelebu Mistoak
Proba honetan 2013ko eta 2012ko haurrek hartu zuten parte. Aurreko jardunaldian tximeleta estiloarekin gertatu bezala, oraingoan ere erronka polita izan zuten txikienek.

Orokorrean, gure txikiak oso ondo aritu ziren, lau estiloak ongi burutuz eta estiloetako proben biraketetako arauak ongi betez. Horixe zen helburu nagusia. Gainera, jardunaldi honetan, aurreko jardunaldian tximeleta eta bular estiloetan juxtu xamar ibili ziren haurrek ere, modu hobean eta teknikoki hobeto egin zuten igeri, bi estilo hauek askoz ere hobetu burutuz eta aurrerapausoak eman dituztela erakutsiz, beraz, oso gustura atera ginen taldeko txikienek egindako probekin.

Benjaminen errelebu mistoa lau estiloetako proba izan zen jardunaldi honetan. Guztira, gure bi taldek hartu zuten parte eta denek erreleboa gogotsu eta txukun osatu zuten.

Balorazioa egiteko garaian, adin hauetako haurrek egindakoarekin oso gustura atera ginen. Txikienen kasuan, lau estiloak ongi burutu eta biraketak ongi burutzea zen helburu nagusia. Denboraldia amaitzear dagoen honetan, 2013 eta 2012ko haurrek lau estiloetan igeri txukun egiten dakitela eta biraketa, irteera eta helmugaratzeen inguruko arautegia ezagutzen eta menperatzen dutela ziurtatzea da helburu nagusia. Oraindik ere hobekuntza asko egin eta gauza asko ikasi behar dituzten arren, bide onetik doazela uste dugu. Jardunaldian, benetan proba politak ikusi genituen, arlo teknikoaz gain, taktikoaren inguruan ere zerbait ikasten ari direla erakutsiz.

Oso pozik atera ginen gure txikitxoek egindako jardunaldiarekin eta berauengan ikusten dugun garapenagatik, beraz, animo eta segi aurrera!!


Benjaminak B: 50 Tximeleta eta 200 Lau Estiloetako Probak eta 4x50 Bular estilo errelebuak
Adin honetako haurrek, aurreko jardunaldian 100 lau estiloetako proban egindakoa distantzia luzeago batean burutzea zuten helburu. Lau estiloetako 200 metroetako proba adin hauetan proba "klabea" dela esan dezakegu, alde batetik haurren garapen fisikoaren erakusle delako eta bestetik lau estiloen, biraketen, irteeren eta helmugaratzeen inguruko ikasketa teknikoaren adierazle ere badelako. Horretaz gain, distantzia luzetxoagoa izanik, aldagai taktikoaren maneiua ere sartzen da jokoan.

Guretzat proba hau horren garrantzitsua izanik, gustura atera ginen haur hauek egindakoarekin. Guztiak lau estiloetan txukun, biraketa azkar eta arinak eta proban zehar esfortzua ondo neurtuz aritu ziren. Hobetzeko asko dagoen arren, adin hauetan gure igerilariek proba egin zuten moduan burutzea ez da erraza, beraz aupa zuek!!

Proba "klabe" honen aurretik, adin honetako haurrek 50 tximeletan hartu zuten parte. Agian, zentzu asko ez duenaren irudipena eman dezakeen arren, proba hau burutzea garrantzitsua iruditu zitzaigun. Alde batetik, tximeleta estiloan abiadura altuan koordinazioa nola mantentzen zuten ikusi nahi genuelako eta bestetik, 200 lau estiloetako probarako lehen berrogeita hamarraren intentsitatearen inguruko feedback-a jaso zezaten nahi genuelako, azken proba honetan azkarregi atera ez zitezen. Proba honetan ere, haurrak bikain aritu ziren. 

Saio amaieran gure lau mutilek elkarrekin 4x50 bular estiloko errelebua osatu zuten eta baita gure bi neskek ere, parte-hartu ahal izan zezaten eta jardunaldiko programa osatu ahal izateko Ordiziako beste bi neskekin batera osatu baitzuten errelebua. 

Guztiek azken saioa ekainaren 11n izango dute, Lasarteko 31garren Sarian. Tartean, maiatzaren 15ean, Nora Rey, Itxaso Iparragirre, Liher Albizu eta Oier Jauregi Legazpiko Bikuñan izango dira, Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketan lehian. 

Aupa Ekipo!!




📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko

Iruzkinak