Pasa den asteburuan, Garazi Etxeberria Gijonen izan da Gipuzkoako selekzioarekin, "XXXV Trofeo Internacional Villa de Gijón" lehiaketan parte hartzen. Txapelketa hau estatu mailako sarien "IV Grand Prix Open" zirkuituko 4. jardunaldia izan da eta bertan, maila handiko igerilariak lehian ikusteko eta haiekin igeri egiteko aukera berri bat izan du Garazik.
Ostiral goizean abiatu zen taldea eta bidaiaren ondoren, entrenamendu saio bat eta hiria zertxobait ezagutzeko aukera izan zuten.
Larunbat goizean 50 libre, 100 libre eta 200 lau estiloetako proban lehiatu zen; eta igandean berriz, 50 tximeleta eta 200 libre probetan. Txapelketa igerileku luzean egin zen eta Garazik ohitura falta duela kontuan hartuta, pozik gaude egindako lanarekin; izan ere, bere denboretatik gertu egon da proba batzuetan eta marka pertsonalik egitea ere lortu du.
Lehen egunean 28,59an geratu zuen kronometroa 50 libre proban, bere onenetik oso gertu eta 200 lau estiloetako proban bere marka pertsonala egitea lortu zuen, 2:40,45 denborarekin. 100 librean berriz, 50 metroko igerilekuan lehiatzeak gehiago eragin zion eta proba amaitzea kosta zitzaion, azkenean 1:02,54 denbora egin zuelarik.
Igandean Garazik 50 tximeleta probako bere marka pertsonala 31,99an utzi zuen eta asteburuari amaiera emateko, bi egunetako nekea nabaria bazen ere, 200 librean bere markatik gertu geratu zuen kronoa (2:20,73).
Emaitza pertsonalez gain, Gipuzkoa hirugarren izan zen sailkapen nagusian eta gainera, berak parte hartu ez bazuen ere, 4x50 lau estiloetako errelebu mixtoan Gipuzkoa taldeak ezarritako Txapelketako errekorra ikusteko aukera izan zuen.
Hau horrela, pozik itzuli da Garazi Gijón hiritik eta larunbat honetan Miren Sarobe eta Nora Imazekin batera Tolosa Sarian parte hartzen izango da berriro ere.
Zorionak Garazi!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina