22 marka pertsonal, taldeko 3 errekor berri eta giro ezin hobea Gipuzkoako Taldeen Kopan

Asteburu honetan Irungo Azken Portu igerilekuan izan ditugu gure 11 igerilari, Gipuzkoako Kluben Arteko Kopan lehian. Emaitza txukunak lortu dituzte gureek, hainbat marka pertsonal eginda, zenbait gutxieneko lortuta eta baita taldeko 3 errekor haustea lortuta ere. Sailkapenari begira, emakumezkoetan hasieratik ezarritako 9.postua mantentzea lortu zuten eta gizonezkoek berriz, bi taldekide bakarrik izanda eta erreleborik ez zutela kontuan izanda, 13. postuan mantentzea lortu zuten.
Urteko zita politenetakoa izaten da txapelketa hau, inork galdu nahi ez duen hitzordu horietako bat. Aurtengoan, Gizpuakoako talde guztiak maila berean lehiatu dugu, A eta B mailak bereizi gabe; hau horrela, gizonezkoetan batez ere, ezin izan dugu nahi bezala bete proba programa osoa eta horretaz gain, lesio edota bestelako egoeren ondorioz, ez genuen aukerarik podiumean egoteko. Hala ere, hasieratik sailkapenari begira egonda, inguruan genituen taldeei begira aritu gara eta esan beharra daukagu hasieran eskuratzen hasi ginen postuak mantentzea lortu zutela gure igerilariek.

Gure taldeko partehartzaileak hauek izan ziren: Unai G. Somovilla, June Lopez, Saioa Elola, Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui, Alba Escribano, Miren Sarobe, Irati Etxeberria, Mayi Gorostegui, Ane Meyer eta Amaiur Iparragirre. June Lopez berriro ere taldekideen artean lehian ikusi genuen, lesio baten ondorioz berriro martxan hasita eta ederki hasita gainera; erreleboetan oso txukun ikusi genuen bere denboretatik gertu ibiliz eta bere proban, 100 bizkarren, marka pertsonala egitea lortu zuen. Aupa June!

Asteburu osoko lau jardunaldietan zehar eta baita bazkal orduan ere, giro paregabea izan zuten gureek talde-giroan eta ustez, honek nork bere proban jarritako esfortzuan lagundu zuen. Proba indibidualez gain, aipatzekoak izan ziren errelebuetako probak. Emakumezkoetan programako errelebu guztiei aurre egin behar izan zieten (guztira 5 errelebo) haien proba indibidualez gain eta esan beharra daukagu, oso txukun aritu zirela, kasu gehienetan marka hobekuntzak egon zirelarik.

Emaitzei dagokionez, guztira 22 marka pertsonal egin zituzten 11 igerilarien artean eta taldeko 3 errekor berritzea ere lortu zuten. Zenbait igerilarik ere Euskal Herriko gutxieneko berriak lortu zituzten (Iker Gorosteguik 100 tximeletan eta June Lopezek 100 bizkar proban), beste batzuk hauetara asko gerturatu ziren eta zenbait infantilek, oraindik denbora falta den arren, Gipuzkoako Udako gutxienekoak lortu zituzten (Mayi Gorostegui eta Ane Meyerrek). Horrez gain, esan bezala, marka hobekuntza mordoa izan dugu asteburu osoan zehar; honakoak izan ziren: 
  • Mayi Gorosteguik bizkar erako 50 (37.77), 100 (1:22.85) eta 200 (2:57.82) metroko probetan eta 400 estiloetako proban (6:35.76).
  • Ane Meyerrek 50 libre proban (35.27).
  • Irati Etxeberriak 50 tximeleta (37.39) eta 50 bularren (47.62).
  • Miren Sarobek tximeleta erako 50 (32.39), 100 (1:15.90) eta 200 (2:48.12) metroko probetan.
  • Alba Escribanok lau estiloetako 100 metroko proban (1:23.54) eta 200 librean (2:27.82).
  • Iker Gorosteguik lau estiloetako 200 (2:22.11) eta 100 probetan (1:07.29) eta tximeleta erako 200 (2:23.07) eta 100ean (1:05.03).
  • Saioa Elolak 800 libre (10:33.99) eta 50 bizkar (36.42) probetan.
  • Garazi Etxeberriak 400 libre (4:41.48), lau estiloetako 400 metroetako proban (5:24.70) eta 100 bularren (1:19.72).
  • June Lopezek 100 bizkar proban (1:11.93).
Aipatu bezala, taldeko 3 errekor berri ere ezarriz dituzte gureek asteburuan. Hauek Garazi Etxeberria eta Iker Gorosteguiren eskutik etorri dira. Lehenak 17 urteko 2 errekor berri ezarri ditu (bata 100 bular proban eta bigarrena lau estiloetako 400 metrokoan) eta Ikerrek berriz, lau estiloetako 200 metrokoan ezarri du gizonezkoen 17 urteko errekor berria. Zorionak bioi!

Zorionak talde osoari egindako lanagatik! Hurrengo zita otsailaren 4an eta 5ean Bergaran izango dute gehienek, Gipuzkoako Neguko Txapelketan eta bakar batzuek berriz otsailaren 4an Andoainen, Neguko Gipuzkoako Sarian, beraz, segi bide beretik lanean! BRNPWR!



📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko

Iruzkinak