4 marka pertsonal eta taldeko 4 errekor berri lortuta etorri da Iñaki García Oviedotik

Pasa den asteburuan Iñaki García taldekidea Oviedon izan da, Euskadiko Selekzioarekin Selekzio Autonomikoen Arteko Espainiako Igeriketa Txapelketan lehian. Bertan parte-hartze haundia izan du Iñakik, banakako lau probatan eta bi errelebutan lehiatu baita, guztira sei proba burutuz.

Bere banakako probei dagokionez, emaitza onak lortu dituela esan beharra daukagu. Estilo libreko 100 metrokoan bere onenetik 4 ehunekotara aritu zen 59,56 eginez eta gainontzeko hiru probatan marka pertsonalak egitea lortu zuen. Bizkar estiloko 100 metroetako erregistro berria 1:05,63an utzi zuen eta estilo bereko 200 metrokoa aldiz 2:22,97an. Lau estiloetako 200 metrokoan ere marka pertsonal berria 2:30,11n ezarri zuen Iñakik.

Lortutako marka pertsonal hauek marka politak direnaren erakusgarri taldeko 14 urteko 4 errekor berri lortu izana da. Aipatutako markak 100 eta 200 bizkar probatan eta lau estiloetako 200 metrokoan taldeko 14 urteko errekor berriak dira eta baita 100 bizkar probako 50 metroko pasean lortutako 31,88a ere. Errekor horietako esanguratsuena, markagatik beragatik baino gehiago zeukan antzinatasunagatik, lau estiloetako 200 metrokoa da, aurreko errekorra Iñigo Ibarburuk 2011 urtetik baitzeukan lortuta.

Pixkanaka maila polita hartzen ari da Iñaki eta 100 librean zein bizkar estiloko 100 eta 200 metroetan Alebin mailako Espainiako Txapelketarako gutxienekoetara asko ari da hurbiltzen. Oraindik ere bada denboraldia aurretik eta helburu hori lortzeko aukerak ere izango dira.

Igeriketa arruntean, Euskadi 12garren izan zen emakumezkoetan eta 10garren gizonezkoetan, sailkapen bateratuan 12garren postua eskuratuz. Txapelketa inklusiboan Euskadi 10garren izan zen.

Hurrengo zita larunbat honetan Tolosako Usabalen izango du Iñakik, Alebin Ligako 5. jardunaldian. Bertan 1500 librea, 200 bular proba eta lau estiloetako 100 metroko errelebua izango dute gure taldeko mutilek eta 200 tximeleta eta bizkar probak berriz neskek.

Zorionak egindako Txapelketagatik Iñaki!!





📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko



Iruzkinak