Marka onak Azpeitian


Pasa den igandean taldeko alebinak Azpeitian izan ziren, Alebin mailako Teknifikazio Sarian parte hartzen. Lehiaketa honetarako gure taldeko 7 alebinetatik 6 zeuden sailkatuta baina lesio bat tarteko, azkenean 5 aritu ziren lehian: Itxaso Iparragirre, Oihan Matute, Ibon Elola, Kimetz de la Cruz eta Iñaki García.

Guztiak goiz eta arratsaldez aritu ziren lehian, jardunaldi bakoitzean proba bat eta errelebu bat burutuz. Burututako banakako probatan, gure igerilariek euren markak ontzea lortu zuten orokorrean. Emakumezkoetan 2011n jaiotako haurrak aritu ziren eta gizonezkoetan aldiz 2009an eta 2010ean jaiotakoak, gure mutil guztiak 2009akoak zirelarik. Orokorrean, egun bikaina pasa ahal izan zuten elkarrekin kanpoan bazkaltzen geratu ziren jardunaldi honetan.

Egindako markei dagokionez, honakoak egin zituzten gure igerilariek:
  • Itxaso Iparragirrek 200 lau estiloetan 3:20,81 (4.) eta 100 lau estiloetan 1:33,44 (7.).
  • Kimetz de la Cruz-ek 200 bizkar proban 2:48,02 (8.) eta 100 lau estiloak proban 1:28,23 (11.).
  • Oihan Matutek 100 bular proban 1:21,07 (2.) eta 200 bular proban proban 2:58,50 (2.).
  • Ibon Elolak 100 tximeletan 1:19,31 (2.) eta 100 lau estiloetan 1:15,85 (1.).
  • Iñaki Garcíak 200 bizkar proban 2:25,79 (1.) eta 100 librean 59,52 (1.).
Errelebuei dagokionez, 4x100 librekoan 4:29,81rekin hirugarren izan ziren mutilak. Proba honetan lehen postan Oihan Matutek 1:05,95 eginda marka pertsonala egin zuen gainera. Lau estiloetako 4x100 errelebuan mutilak bigarren izan ziren (5:06,56) lehen postan Iñaki Garcíak 100 bizkar probako marka pertsonala 1:06,92an utzi zuelarik. Nesketan ez genuen erreleburik izan.

Jardunaldi hau Saria baino gehiago denbora-hartze jardunaldi bat izanik, gustura atera ginen gureek egindakoekin. Itxaso Iparragirrek Udarako Gipuzkoako Txapelketarako sailkapena lortu zuen banakako lau estiloetako 200 metrokoan, Ohian Matute Euskal Herriko gutxienekoetatik ehuneko gutxitara gertau zen 100 eta 200 bular probatan eta gauza bera gertatu zitzaion Iñaki Garciari, kasu honetan Espainiako Alebinen Txapelketarako sailkapena lortzeko. Iñakik 100 librean 30 ehuneko baino ez zituen falta izan eta 200 eta 100 bizkar probatan ere gutxienkoetatik oso gertu amaitu zuen.

Gauzak horrela, hurrengo jardunaldiaren zain geratzen dira alebinak. Jardunaldi hau otsailaren 11n izango da Lasarte-Orian, Alebin Ligako 4. jardunaldian.

Zorionak denoi!


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko



Iruzkinak