4. jardunaldia ere bikain gainditu zuten txikiek

Pasa den larunbatean, gure taldeko txikienek euren Test/KZL Ligari jarraipena eman zioten laugarren jardunaldiarekin. Laugarren jardunaldi hau Tolosan ospatu genuen, Usabal kiroldegian eta bertan, gure taldetik, adin tarte honetako 7 haur aritu ziren.

Jardunaldi osoa benjamin kategoriakoa izanik, 2014 eta 2013ko haurrek, tximeleta estiloko 25 edo 50 metroko proba izan zuten. Haur hauentzat garrantzitsuena arautegiaren inguruko ezagutza eta estiloen ikaskuntza izanik denak primeran aritu zirela esan behar dugu. Adin tarte honetan aritu ziren 2013ko gure taldeko haurrak Axel Fuertes eta Irai Ormazabal izan ziren, 25 metrokoan Irai eta Axel berriz 50 metrokoan. Saio amaieran, Igartza igeriketa taldeko hiru neska eta mutil batekin batera 6x25 bular estiloko errelebua burutu zuten bi taldekide hauek.

Benjamin kategorian baita ere, baina helduxeagoetan, 2012ko neska-mutilek eta 2011ko mutilek lau estiloetako 100 metrokoa eta 200 edo 400 libre probak izan zituzten aukeran. Adin tarte honetan aritu ziren June Apeztegia, Aiala Erro, Aitor Ormazabal, Ander Martínez eta Oier Ormazabal, guztiek lau estiloetako 100 metrokoa eta estilo libreko 400 metrokoa egin zutelarik Anderrek izan ezik, honek lau estiloetako 100a eta 200 librea burutu baitzituen. Benjaminak B kategoria honetako haurrek saio amaieran lau estiloetako 4x50 errelebua izan zuten, bai nesketan eta baita mutiletan. Bietarako parte-harztaile nahikoa ez eta neskek ezin izan zuten proba burutu. Mutilek aldiz Hernani KEko kide batekin osatuta burutu zuten errelebua.

Jardunaldi honetan, tximeleta erako zein lau estiloetako probak izan genituen batetik eta bestetik distantzia ertaineko estilo libreko probak. Bai tximeletan eta baita lau estiloetan ere oso txukun aritu ziren gure igerilari guztiak, lau estiloak ondo burutzen badakitela erakutsiz. Logikoa den bezala, oraindik ere bada zer ikasia eta bereziki lau estiloetako probako biraketetan ikusi genuen aurrera egiteko behar gehien. Bestetik, estilo libreko probatan, bereziki 400ekoan aritu ziren txikienen kasuan, sekulako gaitasuna erakutsi zutela esan behar dugu, daukaten adinarekin horrelako distantzia horrenbesteko segurtasunez osatzea ez baita batere erraza. June, Aiala eta Aitor izan ziren 400 librean aritu ziren taldekide gazteenak. Oierrek ere bikain burutu zuen 400a eta esperientzia gehiago duenez, esfortzua hobeto erabiltzen dakiela erakutsi zuen.
"Benjaminak B" kategoria honetako haurrek maiatzean Andoaingo Allurralden izango duten Gipuzkoako Txapelketa Eskolarrera begira, badira batzuk jada sailkapena lortu dutenak eta beste batzuk lortzeko bidean daudenak. Momentuz jada sailkatutakoak Aitor Ormazabal, Liher Albizu, Ander Martinez eta Oier Jauregi dira, beharrezkoak diren bi gutxienekoak lortuta dituztelarik. Bi horietako bat lortuta zeuden Aizpea Barcina, June Apeztegia, Juren A. Matailo, Iker García eta eta Amy Y. Sánchez. Larunbateko saioan Aiala Errok bere lehen gutxieneko marka lortu zuten 400 librean.

Aupa Buruntxikiak!!



📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko



Iruzkinak