Taldeko gazteak Madrilen izan dira lau egunez, esperientzia paregabea bizitzen

Pasa den astean, apirilaren 11tik 14ra bitartean, 2009an eta aurrez jaiotako taldeko gazteak Madrilen izan ditugu egonaldi eder batean; guztira 14 igerilari elkartu ziren irteerarako. Aurreko urtean Pantikosan izan ziren gehienak, baina esperientzia polita izan arren, beste zerbait probatu nahi genuen eta Madrilera joatea aukera ona zela ikusi genuen. Hau horrela, denontzat abentura berria izan da.

Irteera honen helburu nagusiak taldekideen arteko harremanak sendotzea eta denboraldiko udako zatiko entrenamenduei hasiera ematea izan dira eta bete-betean asmatu dugula uste dugu; izan ere, neska-mutilak gustura ikusi ditugu eta Aste Santuaren ondoren entrenamenduei ekitea gogorra izango den arren, elkarbizitzan igarotako esperientzia honekin hasi izanak lagunduko duenaren ustea dugu.
Asteartean oso goiz esnatu behar izan genuen 5:02an Donostiako geltokian trena hartzeko, baina alde onak ere baditu horrek; goizeko 10:00etarako bertan ginen eta izugarrizko eguraldi onarekin gainera. Aterpetxera iritsi eta jolas ezberdinekin igaro genuen goiza, ondoren logeletan gauza guztiak utzi, bazkaldu eta lehen entrenamendua burutu genuen. Uretako saioa amaitu ondoren, berriro ere aterpetxean gauzak utzi, arropa erosoa jantzi eta jarduera fisikoa egiteko prestatuta zegoen parke batera joan ginen, lehorreko ariketa ezberdinak egin eta jolastera. Ondoren, aterpetxera bueltatu, afaldu eta berehala amaiera eman genion egunari, luzea izan baitzen.

Hurrengo egunean goizeko eta arratsaldeko entrenamendu saio bana izan genituen, bi kasutan lehorreko lana ere egin genuelarik baina kasu honetan igerilekuaren ondoko terraza moduko batean. Arratsaldeko saioen ondoren, aterpetxetik gertu zegoen beste parke batera joan ginen ilunabarra ikusteko asmotan eta bertatik hiri guztia ikusteko aukera izan genuen. Jolasean ginela, euri pixka bat hasi zuenez, aterpetxera itzuli behar izan genuen eta afari on batekin indarrak errekuperatu zituzten gure gazteek, hurrengo eguna iristeko irrikaz zeudelarik. 

Gazte askok gehien espero zuten eguna izan zen osteguna; izan ere, Madrilgo Warner Parkean igaro genuen eguna. Gehienak, inolako beldur edo zalantzarik gabe, atrakzio guztietara sartu ziren eta oso ondo pasatu zuten sortzen duen adrenalina eta talde-giroarekin. Izan ziren igotzeko erabakia hartzea gehiago kostatu zitzaien pertsonak ere, baina azkenean besteek bezainbeste gozatu zuten; eta beste batzuk berriz, zuzenean, ez ziren ausartu beldurragatik edo horrelako lekuetan egoteak dakarren sentsazioa gustatzen ez zaielako. Baina, hala eta guztiz ere, guztientzat oso esperientzia polita izan zela uste dugu eta gainera, argi ikusi dugu ekintza hauek elkarren artean gehiago ezagutzeko eta elkarbizitza sustatzeko aukera paregabea ematen dutela.

Azken egunean, ostiralean, goiza libre izanik, logelak jaso eta maletak prest utzi ondoren, Madrilgo El Retiro parke ezaguna bisitatzera joan ginen. Askorentzat lehen aldia zenez, bertako eraikin, urmael eta monumentuak ikusi genituen eta ondoren, belardi batean eguzkitan jolasean aritu ginen denak batera. Eguerdian aterpetxera itzuli ginen bazkaltzera eta 14:50etarako tren geltokira gerturatu ginen, itzulerako trena hartzeko. Bost orduko bidaiaren ondoren, nekatuta baina lau egunak ondo aprobetxatu izanaren sentsazioarekin itzuli ginen etxera, atseden hartu, udako zatiari indarberrituta hasiera eman eta denboraldia ahalik eta ondoen amaitzeko gogoz!

Denontzat esperientzia on eta polita izan dela eta denek asko gozatu izana espero dugu!

ARGAZKIAK HEMEN


📬 Harpidetu zaitez gure albisteak emailez zure postontzian jasotzeko

Iruzkinak