23/24 izen ematea zabalik
- Eskolarrak eta Federatuak Lasarte-Oria
- Eskolarrak eta Federatuak Andoain
- Parte-hartze Igeriketa (lehiaketa gabea) Lasarte-Oria + Andoain
- Informazio guztia
~ ~ ~ ~
- Eskolarrak eta Federatuak Lasarte-Oria
- Eskolarrak eta Federatuak Andoain
- Parte-hartze Igeriketa (lehiaketa gabea) Lasarte-Oria + Andoain
- Informazio guztia
~ ~ ~ ~
Pasa den larunbatean gure taldearen festa izaten den Lasarteko XXXII. Saria ospatu genuen Maialen Chourraut igerilekuan, goiz eta arratsaldez. Goizean 2010an eta aurrez jaiotako guztiek kanporaketa serieak izan zituzten eta arratsaldean berriz, proba horietako finalak aurrera eramateaz gain, 2011 urtean eta ondoren jaiotako txikitxoak izan genituen denboraldiko haien azken txapelketan lehian. Ohitura moduan, taldeko aurre-benjaminek ere haien erakustaldia egin zuten saio hasieran eta honez gain, gure taldekide den Nahia Zudairek merezitako omenaldia jaso zuen orain arte klubean izandako ibilbide luze eta oparoagatik.
AURTENGO BERRIKUNTZA
Gizartean eta honen ikuspegian pixkanaka eragiteko asmoz, aurten berdintasunaren alde egin dugu apustu: proba bakoitza sexu bidez bereizi beharrean, proba bereko pertsona guztiak elkarrekin lehiatu ziren, serieak marka bidez osatuta. Honez gain, igeriketa egokitua ere barne hartu genuen; beraz, sailkapena egiterako garaian, norberak bere erreferentziazko taularen arabera lortutako puntuak erabili genituen (FINA eta MULTIDISABILITY taulak). Arrazoi honen ondorioz deitu diogu “Pertsonen Saria”.
GOIZEKO SAIOA
Goizean A eta B kategoriako gazteak izan genituen lehian, gehienez bi probatan parte hartzen. Kanporaketa serieak izan ziren; beraz, proba bakoitzetik 6 pertsonak arratsaldeko finaletarako txartela lortzeko aukera izan zuen. Honez gain, B kategoriako (2010 eta 2009an jaiotakoak) jaiotze urte bakoitzeko igerilarien sari banaketa ere izan genuen, betiere haien erreferentziazko taulen baitan lortutako puntuazioaren araberako sailkapena kontuan hartuta. Gure taldetik kategoria hauetako 18 igerilari izan ziren lehian eta hauez gain, AD Gaude KE, Hernani Kirol E., Konporta eta Zarautz Balea I.K. taldekoak izan ziren.
NAHIA ZUDAIRERI OMENALDIA
Arratsaldeko saioa hasi aurretik, Nahia Zudaire taldekideari omenaldi txiki bat egin nahi izan zion klubak. Umetatik klubeko igerilaria izanik, klubari eskainitako kirol ibilbidea eskertzeaz gain, berari esker kirol egokituaren inguruan klubak asko ikasi duela eta honekiko ikuspegia berri bat duela argi utzi nahi izan genion.
Igerilekuan bildutako ikusle, igerilari, bolondres eta epaile guztiek txalo zaparradarekin jaso zuten Nahia eta klubak eskainitako hitzez gain, oroigarri plaka bat jaso eta gaur egun klubeko partaide diren Miren Bardaji eta June Apeztegiak agurra dantzatu zioten. Momentu benetan polita eta hunkigarria izan zen; hemendik, gure eskerrik beroenak biei.
ARRATSALDEKO SAIOA
Ohiko legez, taldeko aurre-benjaminek eman zioten hasiera arratsaldeko saioari. Bakoitzak urte osoan zehar ikasitakoa erakutsi zuen bertaratu zirenen aurrean eta horren ondoren bakoitzak oroigarri domina bat, diploma bat eta goxoki poltsa bat etxeratu zuten. Denak gustura egon izana espero dugu eta hurrengo denboraldian denok elkar ikusiko dugulakoan agurtu genituen!
Honen ondoren, C eta D kategoriatako haurren serieak eta goizeko proben finaletako serieak tartekatuz aritu ginen, igerilari heldu zein txikiagoak tartekatuz txapelketari ikusgarritasun handiagoa emateko asmoz. Gainera, txikienek taldeko igerilari helduenak lehian ikusteko aukera izan zuten eta hau ere haientzat erakargarria eta ikasteko beste aukera handi bat izan zela uste dugu. C kategoriako haurrek estilo bakoitzeko 100 metroko proba batean edo lau estiloetako 200 metrokoan parte hartu zuten eta txikienek berriz (D kategoriako haurrak), estilo bakoitzeko 50 metroko proba batean edo lau estiloetako 100 metrokoan. Kategoria hauetan gure taldetik 14 haur izan genituen eta hauez gain Hernani Kirol E.-koak, Konporta eta Amaya C.D.-koak ere izan ziren lehian. Denek, 2011 urtean jaiotako Itxaso Iparragirrek izan ezik, azken txapelketa zuten eta haien onena emanda amaitu zuten denboraldia.
Jarraian, sari banaketa izan zen; igerilari txikienen kasuan (C eta D kategoriak), jaiotze urte bakoitzeko lehen hiru sailkatuek urrezko, zilarrezko edo brontzezko domina jaso zuten eta beste guztiei ere oroigarri gisa domina bana banatu zitzaien. Horrez gain goxoki poltsa bat eta Lasarte-Oriako Udalak lagunduta “Tratu On Bat” motxila jaso zuen bakoitzak. Guztiak ondo merezitako dominarekin eta oroigarri zein opariekin pozik atera ziren!
Amaitzeko, azken urteetako ohiturari jarraituz "Australiar" proba egiteko asmoa bagenuen ere, kortxerak askatzeko erraminta falta genuenez, ezin izan genuen aurrera eraman. Pena handiarekin geratu ginen antolatzaileok; izan ere, badakigu batez ere txikienei asko gustatzen zaien ekintza bat dela eta asko gozatzeko aukera ematen duela; baina tira, hurrengo urtean txikiek gogo handiagoz hartuko dutela seguru gaude!
A ETA B KATEGORIAKO GURE IGERILARIAK BIKAIN
Gure igerilari nagusienen emaitzak ikusita, oso pozik gaude lortutako emaitzekin. Denen artean eskuratutako lorpenak zenbaezinak dira; hauen artean marka pertsonalak, finaletarako sailkapenak, dominak, taldeko errekorrak eta lehiaketa ezberdinetarako gutxieneko berriak daudelarik. Hauetan aipagarriena Iñaki Garcíak 27.24 denborarekin 50 libre proban lortutako Espainiako Txapelketarako gutxienekoa dela esan genezake; zorionak!
XXXII. Lasarte Sariko sailkapen orokorrari begira, finaletako FINA eta MULTIDISABILITY puntuen araberako sailkapenaren arabera, lehen bost sailkatuek haien saria jasotzen zuten eta bertan, taldeko lau igerilari izan genituen. Benetan albiste pozgarria! Hala, Nahia Zudaire XXXII. Lasarte Sariko garaile izan zen eta podiuma taldeko Garazi Etxeberria, Miren Sarobe eta June López-ekin eta Zarautz Balea I.K. taldeko Gaizka Rodriguez-ekin elkarbanatu zuen. Bakoitzak merezitako sariak etxeratu zituen eta pozik amaitu zuten eguna denek, lortutako “ijitu-besoa” jateko gogoz! Zorionak denoi!
Bukatzeko, Lasarteko XXXI. Saria aurrera eramateko jaso dugun laguntzagatik eskerrak eman nahi genituzke. Lasarte-Oriako Udalaren eskutik, “Tratu On Bat” patrozinioa jaso dugu eta ezinbestekoa izan da sari hau antolatzeko eragindako gastu ezberdinei aurre egiteko. Eskerrik asko!
Honez gain, txapelketa aurrera eramateko izan ziren 16 bolondresei ere gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, haiek gabe ezinezkoa izango litzake-eta! Arkaitz Erro, Unai Barcina, Izaro Audikana, Alexandra Bochar, Ane Etxebeste, Aitor Barcina, Manu Santos, Rubén Villalón, Susana Bienzobas, Ainhoa Cencillo, Amaia Castro, Aitziber Berasategi, Asier Gorostegi, Maite Merkader, Karmen Herrero eta José Antonio Rey, mila esker denoi!
HURRENGO ZITAK
Alebin, infantil, junior eta absolutu batzuk Gipuzkoako, Euskal Herriko zein Estatu mailako Txapelketak lehiatzeko entrenatzen jarraitu behar duten arren, gainontzeko haur guztiek jada saio hauekin amaitu dute denboraldia.
Asteburu honetan, alebinek Oñatin Alebin mailako Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute larunbat goiz eta arratsalde eta igande goizez; beraz, lanean jarraitzen dute azken txanpa ahalik eta ondoen bukatzeko.
Aupa Ekipo! Burunpower!!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina