Itsas-zeharkaldien hasiera

23/24 izen ematea zabalik
- Eskolarrak eta Federatuak Lasarte-Oria
- Eskolarrak eta Federatuak Andoain
- Parte-hartze Igeriketa (lehiaketa gabea) Lasarte-Oria + Andoain
- Informazio guztia
~ ~ ~ ~
‘Master’ taldeko igerilariak hasi dira itsas-zeharkaldiekin!

Uztailan sartu orduko, udan ohikoa izaten den itsas-zeharkaldien denboraldia hasi da eta gure taldeko Masterrak martxan dira jada! Oraingoz, hiru hitzordutan izan dira gureak eta oso gustura dabiltz, hurrengo hitzordua noiz izango duten esperoan.

Hasteko, uztailaren 15ean, Manu Santos Ondarroako XXXVI. Itsas Lasterketan izan zen eta 1600 metroko distantzia egiteko 28 minutu eta 20 segundu behar izan zituen.

Hurrengo egunean berriz, Manu Santos berak, Laura Igea, Igor Amantegi eta Asier Gorostegi taldekideak, IV. San Anton Biran parte hartu zuten. Hasiera batean Getariako Gaztetape hondartzatik arratoia inguratuz Malkorbe hondartzarainoko ibilbidea egin behar zuten; baina azken orduan, itsasoaren egoera zela-eta, Malkorbe hondartzako badian 2200-2300m inguruko ibilbidea egitea erabaki zuen antolakuntzak. Hala, Igor izan zen lauetan azkarrena (38:19), handik minutu eskasera Asier iritsi zen helmugara (39:01), Laurak 41 minutu eta 34 segundu behar izan zituen eta Manu 46:44 denboran helmugaratu zen.

Azkenik, pasa den igandean, uztailaren 23an, Getaria-Zarautz ospetsuaren 51. edizioa ospatu zen eta bertan, gure taldeko zazpi igerilari izan ziren, talde-giroan goiz paregabea pasaz: Igor Amantegi, Miren Bardaji, Adrián García, Asier Gorostegi, Laura Igea, June López eta Itsaso Tolosa. Aurten junior kategorian dagoen June López-en itsas-zeharkaldietako estreinaldia izan da eta Master taldeko igerilarien goxotasuna baliatu zuen esperientzia berri honetarako. Denetan bera izan zen azkarrena (39:20) eta gertu izan zuen Itsaso entrenatzailea (39:59), Mirenek 42 minutu eta 25 segundu behar izan zituen Getariatik Zarautzera joateko eta Igor gertu izan zuen (42:58). Berehala Asierrek amaitu zuen zeharkaldia 44:09 denbora eginez, Laurak 47 minututan egin zuen eta azkenik, Adrianek 48 minutu eta 37 segundutan osatu zuen 2850 metroko distantzia. Den-denek oso denbora onak egin zituzten eta oso gustura bukatu zuten, esan bezala, goiz polit bat elkarbanatuz.

Urte osoan egindako lanak bere fruituak eman dituela ohartzen ari gara eta oso argi geratu zaigu, lan horri esker itsas-zeharkaldiez gozatzeko aukera paregabea dugula eta hori bezalakorik ez dago! Aupa zuek, zorionak eta segi ezazue horrelako esperientziez gozatzen! 

Hemendik aurrera ere, beste hainbat zeharkalditan ikusiko ditugu gureak; beraz, animo asko denoi! BRNPWR!

Iruzkinak