Oporretan ere, martxan jarraitzen dute gureek!

23/24 izen ematea zabalik
- Eskolarrak eta Federatuak Lasarte-Oria
- Eskolarrak eta Federatuak Andoain
- Parte-hartze Igeriketa (lehiaketa gabea) Lasarte-Oria + Andoain
- Master Igeriketa Lasarte-Oria + Andoain
- Informazio guztia
~ ~ ~ ~
Opor garaian bagaude ere, gureek Itsas-zeharkaldiekin jarraitzen dute, udan ere jarduera fisikoa praktikatzen eta kirola egiten jarraitu daitekeela erakutsiz. Getaria-Zarautz zeharkaldi ezagunaren ondoren, bi zita ezberdin izan dituzte gureek. Alde batetik, uztailaren 30ean “Travesía de los balleneros” deiturikoa izan zen eta bestetik, pasa den abuztuaren 4tik 6ra, Asturiasen, asteburu bete-betea izan zuen gure taldekide den Adrian Garciak.

Esan bezala, lehendabizi, 4 taldekide Donostian izan genituen “Travesía de los balleneros” zeharkaldian: Igor Amantegi, Asier Gorostegi, June López eta Itsaso Tolosa. Bi distantzia egiteko aukera zegoen; bata 2800m-koa eta bestea 4 km-koa. Gureek, hasiera batean, Donostiako portutik Zurriola hondartzara dauden 2800 metroko distantzia osatu behar zuten baina berriro ere, itsasoaren egoera arriskutsuaren ondorioz, antolatzaileek Donostiako Badia barruan egitea erabaki zuten eta 2 km-ko ibilbidea osatu behar izan zuten. Itsaso hirugarren postuan helmugaratu zen 33:32 denborarekin (emakumezkoetan lehena) eta emakumezkoen bigarren postuan June iritsi zen, 35:06 denbora eginez.  Handik pare bat minutura Igor iritsi zen (37:19) 16. postuan eta Asier berriz, 21. izan zen, kronoa 38:11-n geratuz. Maila txukuna erakutsi zuten denek, zorionak!

Asturiasen berriz, asteburua probaz beteta etorri da Adrianen aldetik. Ostiralean, gorputza martxan jartze aldera, Luarca-ko Rio Negro ibaiaren igoeran 800 metroko ibilbidea osatu zuen, 13:36 denboran, 19. sailkatuz. Larunbatean, Navia herrian Asturiasko Kopa ospatu zen eta Adrianek 3x2500m erreleboetako proban hartu zuen parte, bertako igeriketa taldeko beste bi kiderekin batera (Barbara eta Arturo). 7500 metroak osatzeko, hiruen artean, 2:12.27 behar izan zituzten eta taldeak 21. postua lortu zuen. Azkenik, igandean, Navia ibaiaren jaitsiera izan zen eta 5 km-ko distantzia egin behar izan zuen Adrianek; proba gogorra izan zen, korrontearen aurka igeri egin behar izan baitzuten eta bere hitzetan “hasieratik dosifikatzen” joan bazen ere, 1:24.51 denboran osatu zuen proba, bere kategorian 12. izan zelarik. Ez da gutxi egin duzuna Adrian, zorionak!

Hemendik aurrera, Ur irekien Gipuzkoako Ligako azken hiru probak geratzen zaizkie gureei: Paseo Berriko Igerialdia (abuztuaren 15ean), Irlako Igeriketa Zeharkaldia (abuztuaren 27an) eta Kontxa Badiako Itsas-Igerialdia (irailaren 9an). Animo asko denei, segi udaraz eta proba hauetaz gozatzen!

Iruzkinak