Aurreko larunbatean, abenduaren 16an, gure klubeko alebinek haien hirugarren jardunaldia izan zuten, berriro ere etxean. Alebin Ligako 3. jardunaldia Lasarte-Oriako Maialen Chourraut igerilekuan izan zen eta proba aldetik esfortzu eta saiakera handiko eskaera izan bazuten ere, txukun lehiatu ziren denak.
Garai honetan ohikoak izaten diren gaixoaldien ondorioz, gure taldeko 6 igerilari soilik izan genituen arren, nahikoak izan ziren haien artean giro onean egon eta jardunaldiari gustura aurre egiteko. Lehiatu zirenak honakoak izan ziren: Aiala Erro, June Apeztegia, Lier Garmendia, Itxaso Iparragirre, Oier Jauregi eta Aizpea Barcina. Proba-programari dagokionez, oinarrizko probak 200 bizkar eta 100 tximeleta izan ziren adin guztietarako eta hasiberriek aurrera eraman beharreko proba berriz, 50 bular izan zen.
Aurreko saioetan bezala, gure igerilariak oso gogotsu hasi ziren lehen metroetatik, eta bizkar erako 200 metroak bezalako proba zail baten aurrean txukun eta indartsu egin zuten igeri. Tximeleta estiloko 100 metroetan aldiz, indar eta esfortzu fisiko handia eskatzen duen proba izanik eta 15 minutu eskasera igeri egin behar izan zutela kontuan izanda, denek ausardia handiz egin zioten aurre erronkari.
Hasiberrien artean Lier Garmendia izan genuen oraingoan ere eta gogotsu aritu zen, zailtasun puntu bat duen bular bezalako estiloa pixkanaka ikasi duela eta konfiantza hartzen ari dela erakutsiz eta txukun igeri eginez.
Esan bezala, denak gogotsu eta maila ona erakutsiz ikusi genituen eta gutxi izan arren, giro paregabea izan genuen denok elkar animatuz eta etxekoei gure gaitasunak erakutsiz. Datorren oporraldiaren aurretik, larunbat honetan Tolosan izango dira denak, garai honetan urtero ospatzen den Paco Sanchez Sarian parte hartuz; horren ondoren, neguko oporraldia izango dugu, egun libreei probetxua ateratzeaz gain teknikoki hobetzen jarraitzeko eta lortutako mailari eusteko lanean jardungo dugularik.
Amaitzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu beste jardunaldi bat aurrera ateratzen lagundu ziguten klubeko guraso eta kideei. Mila esker Daniel Garmendia, Gorka Matute, Ane Etxebeste, Aitor Barcina, Aitziber Martiarena, Arkaitz Erro, Gorka Olaizola eta Borja Apeztegia, oso beharrezkoa izan zen zuen laguntza jardunaldia burutzeko!
Aupa Ekipo! BRNPWR!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina