Taldeko errekor bat, zilar bat eta 9 marka pertsonal ekarri dituzte Iruñetik
Oso gustura itzuli dira gure igerilariak Iruñeko Amaya Kirol Hirian ospatu zen junior eta absolutu mailako Euskal Herriko Neguko Txapelketatik. Gure taldetik lau igerilari bertaratu ziren: Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui eta Miren Sarobe juniorrak eta Iñaki García infantila. Denen artean bederatzi marka pertsonal ezarri zituzten.
Garazi Etxeberriak larunbatean bakarrik egin zuen igeri, 100 eta 50 libre probetan parte hartuz. Lehen proba zertxobait luzea egin zitzaion eta ez zuen lortu bere erregistro onena, baina proba motzean ordea bai (27.75 egin zuen). Denbora luzez ibili da 28 segunduetako muga jaitsi ezinik eta larunbat arratsaldean, oso proba txukuna eginda, muga hori erraz jeistea lortu zuen. Horrez gain, Euskal Herriko bigarren postuan sailkatzea lortu zuen junior mailan eta taldeko errekor absolutua ere ezarri zuen. Zorionak Garazi eta segi lanean, emaitzak horrela etorriko dira eta!
Iker Gorostegui 50 eta 100 tximeletan, 100 librean eta lau estiloetako 200 metrokoan lehiatu zen eta proba guzti horietan marka pertsonalak ezartzea lortu zuen. Tximeleta erako 50 metrokoan 28.71 egin zuen eta 100 metrokoan 1:03.76, aurreko marka ia 3 segundutan jaitsiz. 100 librean berriz, 57.88-an geratu zuen kronoa eta 50 metroetako pasean ere marka pertsonala ezartzea lortu zuen (28.30). Azkenik, lau estiloetako 200 metroko probarekin oso gustura geratu ez arren, marka pertsonala ezarri zuen Ikerrek, 2:26.89 denbora eginez. Aupa Iker, lan ona!
Miren Sarobe 50, 100 eta 200 librean lehiatu zen eta hiruetan lortu zuen bere aurreko markak hobetzea. Oso gustura gaude proba motzen emaitzekin: 50 metrokoan 28.87 egin zuen eta 100 metrokoan berriz, 1:03.16. Igande goizean, distantzia luzeenean marka pertsonala egin bazuen ere (2:21.88), kosta egin zitzaion probari aurre egitea baina egia da Miren azken bi asteetan, gaixoaldi baten ondorioz, ez dela nahi bezala entrenatzen ibili eta seguru gaude horrek ere eragina izan duela proba honi aurre egiterako momentuan. Beraz, oso pozik gaude egindako lanarekin, zorionak!
Azkenik, Iñaki Garcíak infantila izanda ere, igande arratsaldean 100 bizkar proba egiteko aukera izan zuen, absolutu mailako gutxienekoa lortu baitzuen Mallorkan. Hau horrela, proba honetan estatu mailako gutxienekoa lortuta zuenez, 50 metroko probako gutxienekoa lortzeko aukera ona zela pentsatu genuen eta helburu hori jarri genuen: 100 metroko proba erabiltzea, 50 metroetan Espainiako Txapelketarako gutxienekoa lortzen saiatzeko. Hala ere, proba egin aurretik aukera hau ezinezkoa zela eta ez zuela baliorik izango komunikatu zitzaigun eta ondorioz, azken momentuko plan aldaketa egin genuen, proba ohiko moduan burutzeko erabakia hartuz. Hau horrela, Iñakik ezin izan zion nahi bezala aurre egin probari eta emaitza ez zen esperotakoa izan. Hala ere, beste probaren batean gutxienekoren bat lortzeko helburuz lanean jarraitzeko prest dago Iñaki; segi horrela, oso lan ona egiten ari zara eta!
Aupa laukote, txapelketa ona! Orain hurrengo zita ezberdinetarako lanean jarraitzea tokatzen da. Animo asko denoi!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina