Bikain gureak Gipuzkoako Udaberriko Sarian

28 MARKA PERTSONAL, GIPUZKOAKO UDAKO TXAPELKETARAKO 2 GUTXIENEKO BERRI, EUSKAL HERRIKORAKO 4, ESTATU MAILAKORAKO BESTE BAT eta GIPUZKOAKO UDABERRI SARIKO INFANTILETAN LEHEN POSTU BAT Hernanin

Bikain aritu dira gureak pasa den asteburuan, Hernaniko Udal Kiroldegian ospatutako Gipuzkoako Udaberriko Sarian. Txapelketa hau denboraldi honetako lehen zatia amaitzeko baliatu dugu, oporren aurretik egindako azken txapelketa izan baita. Denera 14 taldekide aritu dira lehian: Ane Meyer, Ibon Elola, Amaiur Iparragirre, Nora Miguelez, Mario Amantegi, Mayi Gorostegui, Irati Etxeberria, Iñaki García, Miren Sarobe, Iker Gorostegui, Saioa Elola, Oihan Matute, Garazi Etxeberria eta June López. Denen artean eskuratutako lorpenak ugariak izan dira eta oso pozik gaude emaitzekin.
Hurrengo zerrendan zehaztuko ditugu lorpen guzti horiek: 
  • Ibon Elolak bi marka pertsonal berri egin zituen, biak bizkar eran: 200 etrokoan 2:21.93 eginda 3 segundutan hobetu zuen aurreko marka eta 100 metrokoan berriz, 1:05.83 marka txukuna egin zuen.
  • Amaiur Iparragirrek igeri egindako proba guztietan lortu zuen bere markak hobetzea: 800 librean ia 30 segundu azkarrago egin zuen igeri (11:18.15), 200 libre proban 2:37.04 egin zuen, 400 librean ere bere marka hautsi zuen (5:26.80) eta baita 50 tximeletan ere (38.33).
  • Nora Miguelez-ek lau estiloetako 400 metroko proban 6:43.99 eginda eta 50 tximeletan markagailua 38.90-an geratuta, bi marka pertsonal berri ezarri zituen.
  • Mayi Gorosteguik lesio txiki bat izan du sorbaldetan eta azken hilabeteotan ezin izan du besteak bezala entrenatu; baina hala ere igeri egindako lau probetatik hirutan erregistro berriak ezartzea lortu zuen: bizkar erako 50 (37.74), 100 (1:20.96) eta 200 (2:51.37) metroetan.
  • Iñaki Garcíak 50 bizkar proban 29.76 eginda marka pertsonala egin zuen eta 200 libre proban berriz, 2:02.31 denborarekin bere erregistro onena egiteaz gain, uztaila erdialdean Sabadell-en ospatuko den Udako Infantil Mailako Espainiako Txapelketarako gutxieneko berri bat lortu zuen.
  • Miren Sarobek bi marka pertsonal berri lortu zituen; lehena lau estiloetako 100 metroetan izan zen, 1:11.16 eginda eta bigarrena 50 tximeleta proban (31.48). Azken honetan Euskal Herriko Txapelketarako Gutxienekoa lortu zuen Mirenek eta horrez gain, esan beharra dago, marka ofizial bezala balio ez duen arren, lau estiloetako 4x100 erreleboko azken postan egindako 100 librean minututik jeistea lortu zuela.
  • Iker Gorostegui proba guztiak hobetu zituen beste igerilari bat izan da: 100 bular proban (1:16.98), proba horretako 50 metroko pasean (36.59), bizkar erako 100 metrokoan (1:06.79) eta proba horretako 50 metroko pasean (32.74). 100 metroetako bi denborak gainera, Gipuzkoako Udako Absolutu mailako gutxienekoak dira.
  • Oihan Matutek ere proba guztietan ezarri zituen marka pertsonalak, guztira 7 lortuta: 200 bizkar (2:27.73), 100 bizkarreko pasean (1:13.25), 100 librean (59.21, lehen aldiz minututik jeistea lortuz), 50 metroetako pasean (28.80), lau estiloetako 200 metrokoan (2:26.87), 50 tximeletako pasean (31.97) eta 200 libre proban (2:09.00). 100 eta 200 metro libre probetako erregistroak eta 200 bizkar probakoa gainera, Udako Euskal HerrikoTxapelketarako gutxieneko berriak dira Oihanentzat.
  • Garazi Etxeberria 200 libre proban bere onenetik oso gertu ibili zen eta erregistro hobekuntzak lortu zituen bai 50 bular (34.84) proban eta baita 50 tximeletan (30.49) ere.
Ane Meyer, Saioa Elola eta Irati Etxeberriak marka pertsonalik lortu ez bazuten ere, pozik gaude egindako lanarekin, horrez gain taldearekin egon eta txapelketa polita igaro baitzuten denek. Mario Amantegi eta June López gaixoaldi eta lesioen ondorioz, gutxi entrenatzen aritu dira eta Juneren kasuan ere marka pertsonalik ikusi ez bagenuen ere, bikain lehiatzen aritu zen eta Mario lau probetatik batean bakarrik lehiatu zen proba egiteko eta egindako saiakera ere baloratzekoa dela uste dugu. Azkenik, Alba Escribano eta Kimetz de la Cruz izena emanda bazeuden ere, arrazoi ezberdinengatik baja izan ziren txapelketa honetan.

Azken lorpen bat ere aipatu beharra daukagu; asteburuan zehar igeri egindako proben FINA puntuak kontuan hartuta, Iñaki García taldekidea garaile izan zen infantil mailan eta ondo merezitako 100€-ko ordainsaria etxeratu zuen; zorionak!

Oporretan atsedena hartzeko unea
Esan bezala, txapelketa honekin amaiera eman diogu denboraldi honetako lehen zatiari; hau horrela, orain oporrez gozatzeko aukera izango dute igerilari guztiek eta ondoren, pazko astean 2010 urtean eta aurrez jaiotakoak Pantikosan izango dira egun batzuk pasatzen; bigarren zatiko entrenamenduei hasiera emateaz gain, denon artean esperientzia berriak bizi eta taldean harremanak sendotzeko ere baliagarria izango dela uste dugu.

Zorionak denoi egindako lanagatik eta gozatu oporrak!



Iruzkinak