Lehen, bigarren eta hirugarren postu bana, 17 marka pertsonal, Euskal Herriko Udako Txapelketarako 5 gutxieneko berri, Estatu Mailako Udako Txapelketarako 2, eta taldeko 5 errekor berri egitea lortu zuten denen artean.
Pasa den larunbatean, taldeko infantil eta junior multzoko 13 igerilari Irungo Azken Portu igerilekuan izan ziren, bertako San Marcial Sarian parte hartzen: Kimetz de la Cruz, Alba Escribano, Iker Gorostegui, Mario Amantegi, Mayi Gorostegui, Oihan Matute, Garazi Etxeberria, Ane Meyer, Iñaki García, Nora Miguelez, Amaiur Iparragirre, Miren Sarobe eta Ibon Elola.
Denetik izan genuen sari honetan; gehienek haien proba gustoko edo ohikoenak ez zirenak hartzeko aprobetxatu zuten eta beste batzuk berriz, gutxieneko edo helburu zehatzak lortzeko baliatu zuten lehiaketa. Hala, igeri egindako proba gehienetan marka pertsonalak lortu zituzten gureek eta marka pertsonalak hobetu ez zituztenen kasuan, euren onenetatik oso gertu aritu zirela esan behar dugu.
Honakoak dira gure igerilarien lorpenak:
- Kimetz de la Cruz: bizkar erako 50 (31.90) eta 200 (2:23.13) metroetako probatan marka pertsonala eta Euskal Herriko Udako txapelketarako gutxienekoak lortuta, bertan parte hartzeko txartela lortuta. Gainera, 100 metroetako pasean (1:10.30) marka pertsonala egin eta gutxienekotik gertu geratu da.
- Iker Gorostegui: bizkar erako 200 metroko proban (2:20.44) marka pertsonala eta Euskal Herriko bere adineko gutxieneko berria.
- Mario Amantegi: 400 librean (4:28.38), proba honetako 200 metroko pasean (2:11.24) eta 100 libre proban (59.62) marka pertsonalak; gainera, lehen aldiz 60 segunduetako pareta botatzea lortu zuen.
- Oihan Matute: libre erako 400 metroko proban marka pertsonala egin zuen 4:25.47 denborarekin eta estatu mailako txapelketako gutxienekotik segundu eta erdira geratu zen.
- Ane Meyer: 100 bular proban (1:50.96) marka pertsonala egin zuen eta gainera, 50 metroetako pasean ere aurretik zuen erregistroa hobetu zuen (51.12).
- Iñaki García: bular erako 100 metroetan (1:10.24) eta lau estiloetako 200 metroko proban (2:16.40) marka pertsonal berriak egitearekin batera, estatu mailako gutxienekoa lortu zuen bietan eta taldeko 15 urteko eta absolutu mailako errekorrak hautsi zituen. Horrez bain, bular erako 50 metroko pasean (33.81) ere marka pertsonala egin zuen eta 15 urteko taldeko errekor berria ere ezarri zuen, Euskal Herriko Udako gutxienekoa lortzearekin batera.
- Nora Miguelez: lau estiloetako 200 metroetan marka pertsonala egin zuen 3:04.93 eginda.
- Amaiur Iparragirre: 200 libre probako marka berria egin zuen, kronoa 2:35.80-an geratuz.
- Miren Sarobe: bizkar erako 200 metroetan 2:36.20 denborarekin marka pertsonala eta Euskal Herriko Udako gutxieneko berria.
- Ibon Elola: kronoa 29.78 segundutan geratuta, marka pertsonala egin zuen 50 bizkar proban.
Alba Escribano lehiaketara gerturatu bazen ere, beroketan istripu txiki bat izatearen ondorioz, osasun-zentrora joan behar izan zuen artatzera, eta ezin izan zuen igeri egin. Bera ondo dago eta espero dugu azkar errekuperatzea; animo Alba!
Bukatzeko, gizonekoen infantil mailako podiumean izandako Buruntzaldea taldeko partaideen presentzia iragarri behar dugu: sailkapena gaizki egitearen ondorioz sariak banatzean akats txiki bat izan bazen ere, proba batean lortutako FINA puntuazio handienari esker, Iñaki García, Oihan Matute eta Mario Amantegui izan ziren euren kategoriako lehen hirurak, hurrenez hurren, eta produktu gastronomikoz betetako kutxa bat eraman zuten etxera. Zorionak hiruroi!
Gehiengoarentzat azken txanpan sartuta gaude jada eta lanean jarraituko dugu udarako lehiaketei begira, norberak bere helburu pertsonalak lor ditzan. Hurrengo zitei begira, hurrengo astean denak izango ditugu lehian: alde batetik, taldekide batzuk Gipuzkoa OPEN Sarian izango dira Donostiako Paco Yoldi igerilekuan; bestetik, gainontzeko gehienak larunbat arratsaldean Oñatin ospatuko den Gipuzkoako Udako Sarian; eta azkenik, Nahia Zudaire maiatzak 30 eta ekainak 2 bitarte Berlinen izango dugu Citi Para Swimming World Series lehiaketan parte hartzen.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina