Bere bigarren Paralinpiar Jokoak osatuta eta lau diploma lortuta itzuli da Nahia Parisetik. Abuztuaren 28tik irailaren 7ra iraun du igeriketa lehiak eta Nahiak behin baino gehiagotan egin du Nantierre-ko "La Defense Arena" egoitzako igerilekura. Bertan, banakako hiru probatan eta errelebuko bitan lehiatu da Nahia, goiz eta arratsalde, zenbaitetan.
Abuztuaren 30ean, gure taldekideak 20 puntuko estilo libreko 4x50 errelebo mistoarekin hasi zuen lehiaketa. Goizeko sailkapen proban hartu zuen parte Nahiak Daniel Ferrer, David Sanchez eta Marta Fernandezekin batera. Azken posta egin zuen Nahiak, oso ona den 33,08ko marka osatuz. Finalerako sailkapena eskuratu zuten seigarren denbora onenarekin, baina nahia ez zen bertan horretan egon, Sarai Gasconek ordezkatu zuen. Espainiako taldea seigarren izan zen.
Irailaren 1a lau estiloetako 200 metrokoaren eguna izan zen. Kanporaketa serieetan 2:52,57 markarekin finalerako sailkatu zen Nahia baina bertan ezin izan zuen bere marka hobetu eta 2:54,65ekin zortzigarren izan zen bere lehen diploma eskuratuz.
Irailaren 4an 400 librea izan zuen Nahiak. Aurreko proban bezela kanporaketa seriea eta finala izan zuen Nahiak, goizeko 5:12,66arekin finalean egoteko txartela lortu baitzuen. Arratsaldeko finalean 5:05,46 egin zuen Nahiak, zazpigarren postuan sailkatuz eta bere bigarren diploma eskuratuz.
Hurrengo goizean, irailaren 5ean, Nahiak azken denboraldi honetan emaitza onenak eman dizkion proba izan zuen, 100 bular proba. Kanporaketa serieetan 1:36,91 egin zuen, arratsaldeko finalean egoteko nahikoa izan zuen marka. Finalean, paralinpiar joko hauetako bere emaitzarik onena lotu zuen eta podioa zapaltzeko zorian geratu zen Nahia. Finalean egindako 1:33,48arekin laugarren sailkatu zen Nahia beste diploma bat eskuratuz.
Lehia amaitzeko, 34 puntuko estilo libreko 4x100 errelebu mistoko finalean lehiatu zen Nahia, irailaren 7an. Bertan lehen postan egin zuen igeri 1:09,92 marka eginez. taldekide izan zituen Ariel Enrique Schrenck, Iñigo Llopis eta Sarai Gascón. Espainiako taldea zazpigarren izan zen, bere azken diploma eskuratu zuelarik.
Jada bi paralinpiar jokoetan lehiatu da gure gaztea, igeriketarako daukan dohain eta gaitasun haundiaren erakusle. Horretaz gain gure klubaren, euskal igeriketaren eta kirol egokituaren erreferenteetako bat da Nahia eta bide horretan jarraitzea espero dugu. Horrela izanik ere, lan asko eta dedikazio haundia eskatzen du paralinpiar jokoetan lehiatzeko aukera izateak eta behin hauek pasata, ondo merezitako atsedena hartzeko eta bizitakoa barneratzeko momentua da Nahiarentzat.
Zorionak eta eskerrik asko egindako guztiagatik Nahia!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina