Oporraldi eta uda garaia jada atzean utzi dugun arren, gureek garai horretan itsas-zeharkaldietan parte hartzen jarraitu zuten, udan ere jarduera fisikoa praktikatzen eta kirola egiten jardun daitekela erakutsiz.
Getaria-Zarautz zeharkaldi ezagunaren ondoren, hainbat zita ezberdin izan zituzten; alde batetik, abuztuko lehen asteburua bete-betea izan zuen gure taldekide den Adrian Garciak Asturiasen eta Laura Igea berriz, Txingudiko badiako XVII igerialdian izan zen; abuztuaren 15ean Paseo berriko 54. igerialdian hartu zuten parte taldekide batzuk, 18an Landetan izan ziren beste pare bat eta beste hainbat hurrengo igandean ospatu zen Irlako 25. igeriketa zeharkaldian izan ziren. Azkenik, irailaren 7an hiru taldekidek 79. Kontxa Badiako Igerialdian hartu zuten parte.
Esan bezala, Adrianek abuztuaren 3 eta 4ko asteburuan bi proba izan zituen. Larunbatean, Navia herrian Ur Irekietako Asturiasko Kopa ospatu zen eta Adrianek 3x2500m erreleboetako proban hartu zuen parte bi lagunekin (Gorka eta Irati). 7500 metroak osatzeko, hiruen artean, 2 ordu 17 minutu eta 13 segundu behar izan zituzten eta taldeak 25. postua lortu zuen. Igandean berriz, Navia ibaiaren jaitsiera izan zen eta 5 km-ko distantzia egin behar izan zuen Adrianek; 1:04:45 denboran osatu zuen proba, bere kategorian 18. izan zelarik. Ez da gutxi egin duzuna Adrian, zorionak!
Igande horretan bertan, Laura Igea Txingudiko badian izan genuen, 2600 metroko distantzia 42:47 denboran osatuz eta bere kategorian 4.postua eskuratuz. Emakumezkoen sailkapenean gainera, 17. izan zen. Aupa Laura!
Abuztuaren 15ean, Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren parte den Paseo berriko 54. igerialdia ospatu zen eta bertan 6 taldekide izan genituen: Manu Santos, Miren Sarobe, June López, Pablo Muñoz, Igor Amantegi eta Itsaso Tolosa. Itsasoa zakar zegoen, olatu handiekin eta batez ere June, Miren eta Pablo, nahiko hasiberriak izanda, urduri irten ziren igerian egitera. Hala ere, azkenean oso gustura bukatu zuten denek egindako probarekin. Itsaso entrenatzaileak Miren eta Junerekin batera egin zuen proba, haiek laguntzeko asmoz eta 51 minutu eta 12 segundu behar izan zituzten 2.959 metroak osatzeko; segundu gutxira Igor helmugaratu zen (51:56) eta amaitzeko, Pablo eta Manuk igaro zuten helmugako marra, 59:17 eta 1:01:59 denborak eginez, hurrenez hurren.
Handik hiru egunera, abuztuaren 18an, Igor eta Mario Amantegi aita-semeak Landetan izan genituen, haien oporraldian ohitura bilakatu duten igerialdi batean parte hartzen. Zita honetan Mariok saria eskuratu zuen, hirugarren postuan helmugaratuz; zorionak!
Hurrengo igandean, Mirenek izan ezik, denek errepikatu zuten Donostiako azken zitako parte-hartzea Irlako 25. igeriketa zeharkaldian; horiez gain gainera, Laura Igea ere bertan izan zen. Berriro ere olatu handiak izan zituzten gureek eta nor edo nork galtzearen ondorioz ibilbidean atzera buelta egin beharra ere izan zuen. June López izan zen helmugaratzen lehena, emakumezkoen artean 7. sailkatuz eta 52:32 denbora eginez; minutu eskasera Itsaso Tolosa iritsi zen (53:38) eta jarraian Igor Amantegi, kronoa 56:07an geratuz. Hurrengo hiruak berriz, bakoitza minutu bateko tartean iritsi ziren gutxi gorabehera: Pablok 1:03.43 denbora egin zuen, Laurak ordu bat, 4 minutu eta 5 segundu behar izan zituen 3000 metroak osatzeko eta Manuk berriz 1:05:41.
Azkenik, irailaren 7an Miren Sarobe eta Amantegi aita-semeak 80. Kontxa Badiako Igerialdian izan ziren; uda amaierako igerialdi ospetsua izaten da hau eta hasiera batean eguraldi eskasa aurreikusten bazen ere, azkenean zita polita izan zuten hiruek. Mario izan zen azkarrena, 31:54 denbora eginez, 5minutu eskasera Miren helmugaratu zen (36:39) eta Igorrek berriz 38 minutu eta 04 segundu behar izan zituen 2220 m-ko distantzia osatzeko.
Horrela, gure igerilariek erronkaz eta emozioz beteriko uda izan dute eta oso gustora aritu dira; igeriketari esker, euren buruari aurre egiteaz gain, loturak sendotu eta oroitzapen politak sortu dituzte. Denboraldiari amaiera eman diote, uretan zein uretatik kanpo esperientzia ederrak bizi izanaren poztasunarekin.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina