27 MARKA PERTSONAL, EUSKAL HERRIKO TXAPELKETARAKO 10 GUTXIENEKO ETA TALDEKO ABSOLUTU MAILAKO ZEIN 16 URTEKO LAU ERREKOR BERRI Irungo Azken Portun
Bikain aritu dira gureak pasa den asteburuan, Irunen ospatutako Gipuzkoako Udaberriko Sarian. Txapelketa hau denboraldi honetako lehen zatia amaitzeko baliatu dugu, oporren aurretik egindako azken txapelketa izan baita. Denera 13 taldekide aritu dira lehian: Ane Meyer, Ibon Elola, Amaiur Iparragirre, Nora Miguelez, Mario Amantegi, Itxaso Iparragirre, Mayi Gorostegui, Irati Etxeberria, Ander Martinez, Miren Sarobe, Iker Gorostegui, Oihan Matute eta Kimetz de la Cruz. Denen artean eskuratutako lorpenak ugariak izan dira eta oso pozik gaude emaitzekin.
Hurrengo zerrendan zehaztuko ditugu lorpen guzti horiek:
- Ibon Elolak igeri egindako proba guztietan ezarri ditu marka pertsonalak: 200, 400 eta 800 libre eta 100 tximeleta. Gainera, 400 libre eta 100 tximeletan Udako Euskal Herriko txapelketarako gutxienekoak lortu ditu eta libre erako 800 metrokoan berriz, taldeko 16 urteko errekor berria ezarri zuen, 9:11,27 denborarekin.
- Amaiur Iparragirrek libre erako 100 metroetan eta lau estiloetako 100 eta 400 metroetako probetan marka pertsonalak egin zituen eta 100 metroko distantziako bi probetan gainera, Euskal herriko udako txapelketarako gutxienekoak lortu zituen.
- Nora Miguelez-ek lau estiloetako 400 metroko proban 6:15.50 eginda eta 50 tximeletan markagailua 35.26-an geratuta, bi marka pertsonal berri ezarri zituen.
- Mario Amantegik 100 librean eta lau estiloetako 400 metroko distantziako proban ezarri zituen marka pertsonalak, 57.89 eta 5:17.79 denborak eginda, hurrenez hurren.
- Itxaso Iparragirreren kasuan, bi marka pertsonal ezarri zituen, lau estiloetako 200 metroko distantzian eta bizkar eramo 100 metrokoan eta gainera, azken honetan, Euskal herriko udako txapelketarako gutxienekoa eskuratu zuen.
- Mayi Gorosteguik igeri egindako hiru probetatik bitan erregistro berriak ezartzea lortu zuen (lau estiloetako 100 metrokoan eta 50 librean) eta baita Euskal Herriko udako txapelketarako gutxieneko bat lortu ere (50 librean).
- Miren Sarobek igeri egindako lau probetan bere erregisto indibidual guztiak hautsi zituen: tximeleta eta bizkar erako 50 eta 100 metroetako probak. Tximeleta erako 100 metroetan Euskal Herriko bere adineko gutxienekoa lortu zuen eta 50 metrokoan berriz, absolutu mailako gutxienekoa. Gainera, azken proba honetan, minutu erditik jaistea lortzearekin batera, taldeko errekor absolutua ezartzea lortu zuen, hau 29.95ean utziz.
- Iker Gorostegui proba guztiak hobetu zituen beste igerilari bat izan zen: bizkar erako 200 metroko proban (2:14.02), 100 librean (54.91) eta 400 librean (4:16.43). Lehen proba horretan gainera, taldeko absolutu mailako errekorra ezarri zuen.
- Oihan Matutek berak ezarritako helburu pertsonal guztiak lortu ez bazituen ere, proba guztietan ezarri zituen marka pertsonalak: 50 bizkar, lau estiloetako 200 metroak, 200 libre eta 50 bular proban. Lau estiloetako 200 metroko probako erregistroa gainera, taldeko 16 urteko errekorra da.
- Kimetz de la Cruz 200 libre proban bere onenetik oso gertu ibili zen eta erregistro hobekuntzak lortu zituen gainontzeko hiru probetan: bai bizkar erako 200 metroetan eta baita 800 eta 400 libreetan ere. Libre erako bi probetan gainera, Euskal Herriko udako txapelketarako gutxieneko berriak eskuratu zituen.
Ane Meyer, Ander Martinez eta Irati Etxeberriak marka pertsonalik lortu ez bazuten ere, pozik gaude egindako lanarekin, taldearekin egoteko aprobetxatu eta txapelketa polita igaro baitzuten denek.
Oporretan atsedena hartzeko unea
Esan bezala, txapelketa honekin amaiera eman diogu denboraldi honetako lehen zatiari; hau horrela, orain oporrez gozatzeko aukera izango dute igerilari guztiek eta ondoren, bigarren zatiko entrenamenduei ekingo diete denek, denboraldia ahalik eta ondoen amaitzeko.
Zorionak denoi egindako lanagatik eta gozatu oporrak!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina