Lorpen mordoa Tolosan ospatutako Gipuzkoako Udako Txapelketan

Lorpenen artean 22 marka pertsonal, 3 domina eta Euskal Herriko txapelketetarako 7 gutxieneko berri aipatu behar ditugu.
Pasa den asteburuan Gipuzkoako Infantilen eta Adinen arteko Txapelketa ospatu zen Tolosako Usabal kiroldegian. Infantilen artean gure taldeko Amaiur Iparragirre, Ane Meyer, Nora Miguelez, Itxaso Iparragirre eta Ander Martínez izan genituen lehian, eta alebin mailan berriz, Aitor Ormazabal, Lier Garmendia eta Izaro Bautistak hartu zuten parte.

Marka hobekuntzak
  • Amaiur Iparragirre: bizkar erako 50 eta 100 metroak, eta 100 eta 200 libre probak.
  • Ane Meyer: libre erako 100 eta 200 metroko probak.
  • Nora Miguelez: lau estiloetako  200 metroak.
  • Itxaso Iparragirre: bizkar erako 100 eta 200 metroetako probak.
  • Ander Martínez: 50 eta 100 bular, lau estiloetako 200 metroak eta 200 libre probak.
  • Aitor Ormazabal: 200 bizkar, lau estiloetako 400 metroak eta libre erako 100 eta 50 metroak.
  • Lier Garmendia: tximeletra eta libre erako 50 metroetako probak.
  • Izaro Bautista: bular erako 50 eta 200 metroak eta 200 libre.
Jardunaldien nondik-norakoak
Larunbata goiza Aitor eta Itxasoren 200 bizkar probarekin hasi genuen, biek asko hobetu zuten haien marka eta horrez gain, biek Udako Euskal Herriko Txapelketarako gutxienekoa lortu zuten. Jarraian Lierren 100 tximeleta, Noraren lau estiloetako 100 metroko proba eta Izaro zein Anderrek parte hartu zuten 50 bularreko proba izan genituen, denek euren onena emanda. Gainera, Anderrek zilarrezko domina kolkoratu zuen 50 bular proban.

Larunbat arratsaldean ia denek libre erako 100 metroetako proban parte hartu zuten, askok marka pertsonala egin zutelarik eta gainera, taktika zuzena erabiltzea lortu genuen. Izarok bular erako 200 metroetan asko hobetu zuen bai bere denbora eta baita igeri egiteko modua ere. Norak eta Anderrek lau estiloetako 200 metroetako proba ederki egin zuten eta Itxaso eta Amaiurrek bizkar erako 50 metroetan parte hartu zuten bigarren honek Euskal Herriko Udako Txapelketarako gutxienekoa lortu zuelarik. Saioari amaiera emateko, nesken 4x200 libre erreleboa izan genuen eta igerian hobekuntza nabarmenak lortu zituzten.

Igande goizean jadanik nekea antzematen zuten igerilariek. Izaro eta Anek asko hobetu zuten haien 200 libre probako marka, baita Amaiur eta Itxasok bizkar erako 100 metrokoa ere, biek Udako Euskal Herriko gutxienekoak lortuz. Amaiur gainera, hirugarren izan zen bere adin tartean, brontzezko domina lortu zuelarik. Aitorrek eta Norak ausardiaz egin zuten igeri lau estiloetako 400 metroko proba, lehenak Euskal Herriko Udako txapelketarako gutxienekoa lortu zuelarik eta bigarrenak zilarreko domina kolkoratu zuelarik. Lierrek tximeleta erako 50 metroko proba egin zuen, bere denbora asko hobetuz eta goizari amaiera polita emateko Anek, Norak, Itxasok eta Amaiurrek libre erako 4x100 erreleboetan Udako Euskal Herriko gutxienekoa lortu zuten.

Igande arratsaldean genituen indar guztiak agortu genituen. Anderrek 200 librean sekulako hobekuntzak egin zituen eta jarraian bular erako 100 metroetako proban egin zuen igeri, bere denbora onenera asko gerturatuz. Izarok ere proba berean oso lan txukuna egin zuen eta beste igerilari guztiek 50 libre proba egin zuten, Aitor eta Lierren marka hobekuntzak nabarmendu behar direlarik. Asteburua bukatzeko Itxaso, Nora, Amaiur eta Anek osatutako lau estiloetako 4x100 erreleboan Euskal Herriko gutxienekotik oso gertu geratu ziren.

Asteburu oso berezia izan da; gazteak ilusioz gainezka aritu dira txapelketa osoan zehar. Egindako lanak bere fruituak eman dituela ikusi dugu eta oso pozik gaude lortutako emaitzekin. Bejondeizuela!

Hurrengo zitak
Asteburu honetan Adinen arteko Euskal Herriko Txapelketa ospatuko da Galdakaon eta bertan izango dugu Aitor Ormazabal, denboraldiari amaiera emanez. Aldi berean, juniorrak Tolosan izango dira, Gipuzkoako Junior eta Absolutu mailako Udako Txapelketan eta han izango dira Miren Sarobe, Kimetz de la Cruz, Mario Amantegi, Oihan Matute, Mayi Gorostegui eta Ibon Elola; ziur euren onena emango dutela.

BRNPWR!

Iruzkinak