13 marka pertsonal, 8 taldeko errekor berri eta bi domina Junior eta Absolutu mailako Udako Euskal Herriko Txapelketan.
Pasa den asteburuan, Euskal Herriko Junior eta Absolutu Txapelketa ospatu zen Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian. Bertan, gure taldeko Miren Sarobe, Mayi Gorostegi, Oihan Matute, Kimetz de la Cruz, Mario Amantegi eta Ibon Elolak hartu zuten parte.
Marka hobekuntzak 50m-ko igerilekuan:
- Kimetz de la Cruz: bizkar erako 100 eta 200 metroak.
- Oihan Matute: lau estiloetako 200 metroak, 100 bizkar eta bular erako100 eta 200 metroak.
- Ibon Elola: 50 libre eta bizkar erako 50b eta 100 metroak.
- Mario Amantegi: 100 eta 200 libre.
- Miren Sarobe: bizkar erako 50 metroak.
- Mayi Gorostegi: 50 libre.
Larunbat goiza Marioren 200 libre proba politarekin hasi genuen; oso ondo moldatu zen eta igerileku luzeko marka pertsonala ezarri zuen (2:11.11). Jarraian Mirenen 100 libre proba eduki genuen, gogo biziz egin zion aurre probari eta bere marka pertsonaletik gertu geratu zen. Ondoren Oihanek lau estiloetako 200 metroko probari ekin zion eta ederki egin zuen igeri, bere igerileku luzeko marka onena hausteaz gain (2:23.76) bere adin tartean 3. postua lortuta brontzezko domina kolkoratz. Goizari amaiera emateko, Mayik, Ibonek eta Kimetzek 200 bizkar proba izan zuten eta azken honek bere marka pertsonala egiteaz gain (2:23.47), 16 urtekoen artean 3. sailkatu zen, brontzezko domina eskuratuz.
Larunbat arratsaldea Mirenen 200 librearekin hasi genuen eta ondoren Mariok ederki egin zuen igeri 100 librea, denbora oso polit bat eginez marka pertsonal berria ezarriz (59.11). Egunari Mayi, Oihan, Ibon eta Kimetzek eman zioten amaiera bizkar erako 100 metroko probarekin, ia denek haien igerileku luzeko marka pertsonala ezarri zutelarik.
Igande goizean nekea antzematen hasi ziren igerilariak baina hala ere, Oihanek eginiko bular erako 200 metroetako proba igeriketa era eta taktika bikainekin, neke horri aurre egiteko gaitasuna badutela erakutsi zuen, haren aurreko marka hobetuz (2:43.13). Mayi, Kimetz, Ibon eta Mirenek bizkar erako 50 metroko proba izan zuten eta azken biek haien marka pertsonalak ezarri zituzten (30.68 eta 33.35, hurrenez hurren).
Igande arratsaldean, geneuzkan indar guztiak agortu genituen: Oihanek ederki egin zuen igeri 100 bular proba, haren marka pertsonala 1:13.54-an utziz eta txapelketari amaiera emateko, Miren, Mayi eta Ibon 50 libre proban aritu ziren, azken biek haien erregistro hoberenak puskatu zituztelarik (31.64 eta 26.61, hurrenez hurren).
Amaitzeko, asteburu honetako taldeko errekorrak aipatu nahiko genituzke. Oihanek bular erako 50, 100 eta 200 metroetan eta lau estiloetako 200 metroetan 16 urteko errekorrak ezarri ditu eta gainera, bular erako 100 eta 200 metroko probetako denborak absolutu mailako errekorrak ere badira. Ibonen kasuan berriz, bizkar erako 50 eta 100 metroetako errekorrak puskatu ditu. Zorionak bioi!
Hitzordu hau denboraldiko azkeneko lehia izan dugu. Oso politak izan dira elkarrekin igaro dugun momentuak; argi daukagu urte osoan egin dugun lan gogorra eta eduki dugun talde giro bikaina edozein sari baina askoz ere garrantzitsuagoak direla. Zorionak denoi eduki duzuen jarrera eta erresilientziagatik!
BRNPWR!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina