Pasa den larunbatean, urriaren 25ean, gure taldeko nagusienak (infantil, junior eta absolutuak) Hernaniko igerilekuan izan ziren, Neguko Ligako lehen jardunaldiarekin denboraldiari hasiera emanez. Guztira 12 igerilari izan genituen bertan: Nora Miguelez, Laida Guerrero, Amaiur Iparragirre, Ane Meyer, Ander Martínez, Itxaso Iparragirre, Aitor Estanga, June Apeztegia, Nille Becerra, Izaro Bautista, Lier Garmendia eta Aitor Ormazabal.
Denboraldiarekin hasi berri gauden honetan, probetan erabilitako teknika eta taktikan jarri genuen fokoa, lortutako denborak bigarren plano batean utziz; hala ere, denen artean 13 marka pertsonal ezarri zituzten gureek eta Aitorrek Euskal Herriko udako txapelketarako bi gutxieneko lortu zituen, 50 bizkar eta 100 tximeletako probetan. Gainera, orain arteko prestakuntzaren nondik norakoak ikusteko ere oso baliagarria egin zitzaien denei.
Igerilari gehienak 50 bular eta lau estiloetako 200 metroko probatan lehiatu ziren eta gainontzekoek 100 tximeleta, 100 libre eta bizkar erako 50 metroak ere burutu zituzten.
Txapelketa hau denboraldiko lehena izan dela eta soilik 6 asteko entrenamendua dugula kontuan hartuta, batez ere helduenentzat, ez da erraza aurreko denboraldiko erritmoetan igeri egiten egotea eta batzuen kasuan, horixe ikusi genuen. Hala ere, asteak aurrera joan ahala norbere gaitasunak hobetzen eta ikaskuntzan aurrera egiten joango direla uste dugu, horrekin batera pixkanaka marka hobekuntzak ere etorriko direlarik.
Honakoak izan ziren lortutako marka pertsonalak:
- Lier Garmendiak, 50 bular eta 50 bizkar
- Izaro Bautistak, 50 bular eta lau estiloetako 200 metrokoa
- Laida Gerrerok, 50 bular eta 100 libreak
- Aitor Ormazabal-ek, 100 tximeleta, proba bereko 50 metroetako pasea eta 50 bizkar
- June Apeztegiak, lau estiloetako 200 metroak
- Itxaso Iparragirrek, lau estiloetako 200 metrokoa
- Aitor Estangak, 100 libre eta proba bereko 50 metroko pasea.
Talde polita osatu dugu kategoria hauetan eta ederra da 12 pertsona denak elkarrekin talde giroan animatzen, elkar laguntzen eta esperientziak elkarbanatzen ikustea. Jardunaldi honetan, arrazoi desberdinak medio, Aiala Erro faltan izan genuen, baina hurrengoetan jada taldearekin dena ematen izango dela ziur gaude.
Hemendik hiru astera berriro ere Hernanin izango dute Neguko Ligako bigarren jardunaldia igerilari hauek, azaroaren 15ean. Bitartean lanean jarraituko dugu akatsak zuzendu, ondo egindakoak mantendu eta pixkanaka norbera bere helburuetara gerturatuz.
Aupa BURUNPOWER!!

Iruzkinak
Argitaratu iruzkina