Pasa den larunbatean, azaroaren 29an, gure taldeko alebinak Andoaingo Allurralde kiroldegian izan ziren, Alebin Ligako 2. jardunaldian lehian. Gure taldetik Urko Azpiazu eta Nora Becerrak hartu zuten parte.
Arratsaldea Norak hasi zuen, lau estiloetako 200 metroko probarekin; astean zehar izan genituen sentsazio onak baieztatu ziren, marka hobekuntza oso nabarmena eduki zuelarik. Ondoren, tximeleta erako 50 metrokoan hartu zuten biek eta amaitzeko, Urkok bizkar erako 200 metroko proban izan zen, hauetan ere marka hobekuntzak lortu zituztelarik. Hau horrela, gure bi igerilariek parte hartutako proba guztietan lortu zituzten marka hobekuntzak.
Horrez gain, aipatzekoa da Nora Becerrak lau estiloetako 200 metroko proban lortutako 3:31.65 markarekin, Udarako Gipuzkoako Txapelketan parte hartzeko gutxienekoa lortu duela. Zorionak!
Denboradia aurrera doa, lanaren bitartez hobekuntzak ikusten ari gara eta garapen handia izan dugu, autonomia eta konfiantza garatuz eta probei aurre egiteko jarrera eta grina ere nabarmena izan zen. Epe laburrean teknika eta taktika hobetzeko asmotan jarraituko dugu eta hurrengo jardunaldiak egindako lana erakusteko baliatuko ditugu.
Alebinen taldeak hurrengo jardunaldia Lazkaoko Joxe Miel Barandiaran igerilekuan izango du, abenduaren 20an ospatuko den Alebin Ligako 3. jardunaldian. Orduan izango dituzten erronkei aurre egiteko lanean jarraituko dugu.
Animo gazteak!

Iruzkinak
Argitaratu iruzkina