Giro paregabea, 17 marka pertsonal eta hainbat gutxieneko berri Gipuzkoako Taldeen arteko Kopan


Joan den asteburuan, martxoaren 28 eta 29an Tolosako Usabal igerilekuan izan ditugu gure 10 igerilari, Gipuzkoako Kluben arteko Kopako B mailan lehian. Emaitza txukunak lortu dituzte gureek, marka pertsonal ugari eginda. Sailkapenari begira, gure taldetik lehian bi mutil bakarrik izan genituela kontuan hartuz gizonezkoak 6. postuan geratu ziren, emakumezkoek 5.postuan amaitu zuten eta sailkapen orokorrean berriz, 10. izan ziren azkenean.

Urteko zita politenetakoa izaten da txapelketa hau, inork galdu nahi ez duen hitzordu horietako bat. Aurtengoan, Gipuzkoako taldeek A eta B mailetan lehiatu dute, gure kasuan “B” mailan lehiatu genuelarik. Hau horrela, gizonezko eta emakumezko banak parte hartzen dute proba bakoitzean. Gure talde txikia izanik, ez gizonezkoetan eta ezta emakumezkoetan ezin izan ditugu programako proba guztiak bete, baina eskatzen zen %70eko parte-hartzearekin, bertan egon zen gure taldea.

Honakoak izan ziren parte-hartzaileak: Nora Miguelez, Nille Becerra, Itxaso Iparragirre, June Apeztegia, Izaro Bautista, Aiala Erro, Ander Martinez, Lier Garmendia, Nara Larretxea eta Amaiur Iparragirre. Aitor Estangak parte hartzeko asmoa bazuten ere, ezin izan zuen gure artean egon.

Asteburu osoko lau jardunaldietan zehar eta baita bazkal orduan ere, giro paregabea izan zuten gureek talde-giroan eta ustez, honek nork bere proban jarritako esfortzuan lagundu zuen. Banakako probez gain, errelebuak ere aipatzekoak izan ziren; izan ere, taldean egiten den lehia izanik, igerilariek dioten bezala, gogo, zirrara eta motibazio handia pizten duten probak dira.

Emaitzei dagokionez, guztira 17 marka hobekuntza izan ziren 10 igerilariren artean lortutakoak eta horrez gain, zenbait igerilarik gutxieneko ezberdinak eskuratu zituzten. Lier Garmendiak Euskal Herriko txapelketarako gutxieneko berri bat lortu zuen lau estiloetako 400 metrokoan eta beste hainbatek Gipuzkoako Udako gutxieneko berriak lortu zituzten: Ander Martinezek 100 bular proban, Itxaso Iparragirrek bizkar erako 50 metrokoan eta Amaiur Iparragirrek lau estiloetako 400 metrokoan.

Zorionak talde osoari egindako lanagatik! Hurrengo zita Irunen izango dute, maiatzaren 9an ospatuko den Udaberriko Sarian; segi bide beretik lanean ekipo! BRNPWR!

Iruzkinak