Neskak laugarren eta mutilak eta taldea orotara, bosgarren, Gipuzkoako Kluben Kopan

Sailkapen orokorraz gain, gureek 43 marka pertsonal eta taldeko 7 errekor berri erdietsi zituzten

Pasa den asteburuan, azken asteetan aipatu bezala, Gipuzkoako Kluben Kopan parte hartu dute gure igerilariek. Asteburu ederra izan da; izan ere, aurten lehen aldiz, talde neskak eta mutilak elkatu dira Irungo igerilekuan eta giro bikaina izan dugu. Igerilari guztiek ahalik eta talde-sailkapen onena lortzeko lehian aritu dira eta gustura gaude lortutako emaitzekin. Helduen esperientziak eta gazteagoen jakinminak gainera, denon arteko harremanak sendotzen lagundu du eta talde osoak oso arratsalde onak igaro ditu.


Guztira, 18 taldekidek hartu dute parte txapelketa honetan eta guztiek taldearen sailkapen orokorrerako euren onena eman dutenaren zalantzarik ez dugu. Gainera, aipatu beharra daukagu, hainbat urteren ondoren, gure taldekide den Haitz Mitxelena ere lehian izan dugula, hark ere bere ekarpena egin duelarik, taldeari hainbat puntu eta bestelako ekarpen eskainiz. Nesketan honakoak aritu ziren: Aitzane Sarobe, Nerea Santos, Nahia Zudaire, Nora Imaz, June Lopez, Garazi Etxeberria, Saioa Elola eta Izaro Audikana. Mutiletan honakoak: Mikel Esnal, Haitz Mtxelena, Aimar Sukunza, Unai G. Somovilla, Eneko Elizasu, Unai Barcina, Julen Azpiroz, Iker Gandia, Iker Gorostegui eta Jon Pelayo.

Aurtengo egoera kontuan hartuz, aurre-sailkapen bat egin zen Gipuzkoako talde ezberdinek aurre-inskripzio bidez egindako txapelketa birtual baten bitartez. Hala, lehen 6 taldeak A mailarako sailkatu ziren eta beste guztiak B mailan. Horren arabera, gure taldea A mailan lehiatzeko sailkatu zen eta Bidasoa XXI, Tolosaldea, Eibar Igerixan, Izarraitz eta Zubi-Aurre taldeekin lehiatzea egokitu zitzaion. Hauetako talde batzuen tamaina ikusita eta guk proba guztiak behar bezala betetzeko igerilari gehiago behar genituzkeen arren, pozik gaude lortutako emaitzekin: nesken taldea podiumetik postu batera geratu zen eta mutiletan zein orotara, bosgarren postua lortu genuen.

Kirol emaitzei dagokionez, gure taldekideek 43 marka pertsonal berri egitea lortu dute eta baita taldeko 7 errekor berri egitea ere. Marka esanguratsuenen artean azken multzo honetan Aintzane Sarobek eta Eneko Elizasuk lortutakoak nabarmendu nahi ditugu. Izan ere, Aintzane Sarobek 17 urteko 4 errekor berri ezartzea lortu zuen: 50 librekoa 27,60an ezarri zuen, 100 librekoa 59,24an, 50 tximeletakoa 30,87an eta 100 tximeletakoa berriz 1:07,28an. Tximeleta erako 50ekoa izan ezin, beste hirurak absolutu mailako taldeko errekor berriak ere badira gainera. Enekoren errekorrak estilo librean etorri ziren: 800 libreko 17 urteko errekor berria 9:15,26an utzi zuen Enekok eta 1500 librekoa aldiz 17:14,71n. [Taldeko errekorrak eguneratuta daude hemen].

Aste Santuko oporraldiaren aurretik, azken hitzordu bat izango dugu martxoko azken asteburuan, Euskadiko Federazioaren Kontrol Lehiaketako bosgarren jardunaldian. Ondoren ondo merezitako atsedentxoa izango dute gure igerilariek.


Iruzkinak